Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Arragueta kaleko 17 eta 19 eraikinak botatzeko administrazio-tramiteak burutzen ari da Udala

Arragueta kaleko artxiboko irudia.

Arragueta kaleko artxiboko irudia.

2022/03/17

Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, gaur goizean atera ditu bi eraikinetan bizitzen jarraitzen zuten pertsonak, aste honetan bertan eraikina utzarazteko errekerimendua eman ostean. Halaber, kale bereko 16 zenbakiko eraikina botatzeko akordio bat lortzekotan dira jabeekin.

Eibarko Udalak lanean jarraitzen du Arragueta kaleko 17. eta 19. zenbakietako etxeak eraitsi ahal izateko. Duela hilabete batzuk aurri-egoeran deklaratu ziren bi eraikin horiek, eta haien jabeak eraisteko bidezkoa den proiektua idazten ari dira. Behin egitasmo hori aurkeztu eta onartu ondoren, eraispena egiteko azken hirigintza-izapideak gauzatuko dira.

Hala, eraikinen eraispen-lanei hasierako emateko gestioetan aurrera egiteko, Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, gaur goizean atera ditu bi eraikinetan bizitzen jarraitzen zuten pertsonak, aste honetan bertan eraikina husteko errekerimendua entregatu ostean.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “eraitsi aurreko jarduketak atzeratu egin dira, etxebizitza batzuk jabetzarekin zerikusirik ez duten pertsonek ‘okupatzen’ dituztelako eta epaitegira jo behar izan dutelako etxebizitza horiek husteko.  Udaltzaingotik jakinarazi didatenez, utzaraztea, Epaitegiari dagokion baimena eskatu ondoren, baketsua izan da. Jakin badakit izapideak nahi baino gehiago luzatu direla, eta egoera honek kezka sortu duela auzokideengan, Eibarko Udaletik une oro ulertu eta partekatu duguna, hain zuzen.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Arragueta kaleko auzokideei prozesu luze honetan guztian izan duten pazientzia eta eramanagatik. Dudarik ez dut gaur goizean egin den utzarazteak atsedena eta lasaitasuna ekarriko diela guztiei”.

Hala, behin etxeak bota ondoren, Udalak Arragueta kalea berrurbanizatzeko proiektu bati ekingo dio. Asmoa da espaloiak zabaltzea eta galtzadaren mailara jaistea, Eibarko erdiguneko beste kale batzuetan egin den bezala.  Era berean, eta eraitsitako eraikinekin  espazioa irabazita —batzuk gauzatuta eta beste batzuk aurreikusiz— kalea zabaltzeari ekin ahalko zaio.

Horrekin batera, eta Arragueta kalerako udal planen barruan, akordio bat lortzeko bidean gaude 16. zk.ko eraikinaren jabeekin. Kalearen ezkerraldearen hasieran dagoen eraikina da, goranzko noranzkoan,  orube abandonatu baten ondoan dagoena. Eraikin zahar hori desagertzeak eta orubea libre geratzeak Arragueta eta Bidebarrieta kaleen artean pasabide bat sortzea ahalbidetuko dute, baita aldameneko eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko irtenbideak aztertzea ere.