Arragueta kalea berrurbanizatzeko azken lanak amaitzen ari da Udala

Obrak —urte honen lehen hiruhilekoan amaitzea aurrekusten da— laster hasiko dira, Udalarena den 16 zenbakiko eraikina eraitsi ondoren (lanak lizitazio-fasean daude dagoeneko). Proiektuak, 1,25 milioi euro inguruko aurrekontua duenak, espaloi zabalagoak, eta argiteria- eta irisgarritasun-hobekuntzak ekarriko ditu, baita Bidebarrieta kalearekiko konexioa ere.
2025eko lehen hiruhilekoan Arragueta kalea berrurbanizatzeko eta hobetzeko egingo diren obren azken detaileak lantzen ari da Udala. Horren aurretik, eraitsi egingo da helburu horrekin Udalak jabetzan hartu duen 16 zenbakiko eraikina. Lan horiek lizitazio-fasean daude.
Etxea eraitsi ondoren, ingurua guztiz eraldatuko da: espaloiak zabalduko dira, argiteria eta irisgarritasuna hobetu eta Arragueta Bidebarrieta kalearekin lotuko da. Proiektuak 1.250.000 euroko inbertsioa dakar.
Jon Iraolaren hitzetan, “itxura estetiko eta funtzionala hobetzetik harago doan jarduketa bat da Arraguetako berrurbanizazioarena. Proiektu honek Errebal eta Urkizuren arteko lotura-lana egiten duen inguru baten eraldaketa dakar, baina, oroz gain, proiektuaren helbururik nagusiena da bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea”.
Esku-hartzeak Arikitza eta Urkizu kaleen arteko tartea ere hartuko du, eta berrurbanizazio orokorra aurreikusten du, Errebal kaleko estetikari jarraituz. Espaloiak zabalduko dira —gutxienez 2 metrokoak izango dira—, zoladura galtzada-harrizko asfalto inprimatuarekin berritu eta plataforma bakarraren diseinua egingo da, oinezkoen mugikortasuna erraztuko duena, batez ere adinekoentzat edo mugikortasun murriztua dutenentzat. Argiterian ere hobekuntzak egingo dira.
“Honelako jarduerek erakusten dute Udalak herri atseginago, inklusiboago eta konektatuago baten alde duen konpromisoa. Arragueta eraldatzea Eibarren bizi direnen egunerokoa aldatzea ere bada. Eta horixe da gure helburua, alegia, pertsonen zerbitzura dagoen hirigintza”.
Alkateak urte hasieran adierazi zuen bezala, Arragueta kalearen berrurbanizazioa lehentasuna da udal-gobernuko taldearentzat, eta Udaleko Hirigintza eta Obra sailak buru-belarri ari dira lanean azken hilabeteetan, esan bezala, hiriko kale oso enblematiko baten erabateko eraldaketa ekarriko duen obra errealitate bihurtzeko.