Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Araneko horma egonkortzeko lanak martxoaren 8an hasiko dira

Araneko horma egonkortzeko lanak martxoaren 8an hasiko dira

Luizia gertatu zen tokia.

2019/03/04

Luizia gertatu zen lursailen jabetzak ezponda egonkortzeko proiektua aurkeztu dio Udalari.

Mendi-mazala bermatzeko lanak —joan den urtarrilaren 28an luizi bat gertatu zen Arane inguruan galtzadaren zati bat hartu zuena— datorren ostiralean, martxoak 8, hasiko dira, aurreko astean lurren jabetzak egingo diren obren proiektua aurkeztu ondoren. Ez bada ezustekorik gertatzen, lanak amaituta egongo dira bost edo sei asteren buruan eta bidea zabaldu egingo da berriz ere ibilgailu eta oinezkoentzat.

Behin betiko soluzio honetara iristeko, hainbat azterketa eta bilera egin dira lursailen eta Udalaren artean, bai eta enpresa espezializatuen artean ere. Hain zuzen ere, joan den otsailaren 19an, Miguel de los Toyos alkateak bilera bat izan zuen jabetzarekin eskatzeko behin betiko proiektua aurkez zezala arazoari amera emateko.

Alkatearen hitzetan, “luizia gertatu zenetik izan den prozesua nahi baino denbora gehiago luzatu da, eta errepidea ixteak eragozpenak sortu dizkie auzotarrei. Baina, hala ere, soluzio teknikoa konplikatua zen, horregatik, beharrezkoa izan da lurra zehatz-mehatz ikertzea eta irtenbideak lasaitasunez aztertzea. Eta, zentzu horretan, gauzak ondo egitea erabaki da, ezponda arazotsu honi behin betiko soluzio bat topatzea eta, batez ere, luizi gehiago izateko arriskua zegoenez uneoro pertsonen segurtasuna bermatzea”.

Urtarrilaren amaieran, egun horietan izan ziren euriteen ondorioz ezpondaren buruan lur-jausia gertatu zenean, lur eta harri pila bat jausi ziren errepide gainera, eta kalea ixteko erabakia hartu behar izan zen. Udalaren argibideei jarraituz, jabetza istripuaren egunetik beretik hasi zen lanean behin betiko soluzio bat topatzeko ezpondaren arazoari.

Hasieratik egiaztatu zen soluzioak zailtasun handiak zituela ikuspuntu teknikotik eta baita segurtasun-ikuspegitik ere. Azkenean, aukera ezberdinen artean, arazoa behin betiko konpontzen duena aukeratu da.

Orain arte errepidea ibilgailu eta oinezkoentzat itxita egotearen arrazoia zera izan da, benetako arriskua zegoela luizi berriak izateko; hortaz, eta arrisku horren aurrean, Udalak nahiago izan du errepidea itxita egotea herritarren segurtasunari lehentasuna emanez.

etiketak: Arane, luizia, obrak, Eibar