Aparkalekuak Udalaren lehentasunetako bat izango dira 2022. urterako

‘Errebal Plazia’ funtzio anitzeko eraikinaren aparkalekuaren argazkia.

‘Errebal Plazia’ funtzio anitzeko eraikinaren aparkalekuaren argazkia.

2022/01/05

Errebalen 2021ean 200 plaza berri sortu ondoren eta Legarren 53 aparkaleku egiteko bidean, Udalak aurrera jarraitzen du plan berriekin. Aldi berean, beste alternatiba batzuk aztertzen eta zehazten ari dira, plaza gehiago izateko Ardantzan, Ipuruan, Barrenan, Amañan, Urkin edo Jardiñetan.

2022ko ekitaldian, Eibarko Udalaren lehentasunezko ardatzetako bat hirian aparkaleku berriak sortzea izango da. “Behar horretaz jakitun, 2021ean zehar, Udaletik urrats garrantzitsuak eman ditugu aparkaleku-plazak sortzeko, bai erdialdean, bai auzoetan; hala, herritarren beharrei erantzuten saiatu gara, betiere espazioaren mugak kontuan hartuta eta ahalik eta eragin gutxien sortuz”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Helburu horrekin, 2022ko ekitaldi honetarako, ekimen berriak planteatu dira aparkatzeko plazen kopurua handitzen jarraitzeko, besteak beste, Ardantzan, Ipuruan edo Karmen kalean (Gabilondoren orubea); proiektuok datozen hilabeteetan joango dira garatzen eta zehazten.

Hala, batetik, Udalak laster jarriko ditu udal jabetzako 38 plaza berri Ipuruako auzotarren eskura, futbol-zelaiaren ondoko eraikin berrian. Aparkaleku-plaza horien baldintzak eta adjudikazio-sistema Errebalgo aparkalekuetarako erabili diren berberak izango dira, eta aurki emango dira ezagutzera.

Bestetik, Aldatze kaleko 2. zenbakian dagoen udal titulartasuneko lurzatian (Ardantzako babes ofizialeko etxebizitzen urbanizazioaren aurrean), Udalak bi solairuko aparkaleku-eraikin berri bat (beheko solairua eta lehen solairua) eraikiko du. Horri esker, 58 bat aparkaleku berri sortuko dira.

Ardantzako proiektua dagoeneko enkargatuta dago, 2021eko aurrekontuaren kargura. Udalaren asmoa da egiten den eraikin berriak diseinu zaindua eta modernoa izatea, ingurunean egoki txertatzea, eta auzotarrei aisialdiko guneak eta lorategiak eskaintzea, lehendik daudenen osagarri. Oraindik ez da erabaki zer erabilera-erregimen izango duten aparkaleku horiek

Era berean, Gabilondo enpresaren Barrena kaleko lursailak erosteko akordioak ateak irekitzen ditu herriaren ekialdean plaza berriak sortzeko eta bizilagunen aparkatzeko premia arintzeko. Udalak lanean dihardu kontu horretan;  era berean, alternatibak aztertzen ari da lursailak izango dituen erabilerei dagokienez, eta hurrengo hilabeteotan emano dira ezagutzera.

Proiektu hau PSE-EEk eta Eibarko EH-Bilduk lortutako akordioaren emaitza da, eta haren ardatz nagusia, besteak beste, hiriaren ekialdea leheneratzea da.

Udalak, halaber, asmoa du Legarren obra garrantzitsuak egiteko San Andres Egoitzaren azpian dauden udal titulartasuneko garajeak hobetzeko; lanak urte honetan  egingo dira eta inguru horretan aparkaleku-kopuru esanguratsu bat izatea ahalbidetuko dute.

Bestalde, aparkalekuen udal planari esker 2021. urtean ‘Errebal Plazia’ funtzio anitzeko eraikinaren aparkaleku-gune berria ireki da, alegia, 200 plaza berri gehiago herrigunearen erdian; haietatik 101 emakidako garajeak, eta beste ehun bat txandakako parking bat; eta horrek guztiak, neurri handi batean, arindu egin du inguruko aparkalekuen beharra.

Udalak, baita ere, Legarre auzoko sarreran (saihesbidetik sartuta) aparkatzeko beste gune bat atera du lizitaziora 2021ean. Jarduketa hori aurten egingo da, eta inguruan dauden aparkalekuen kopurua bikoiztea ekarriko du, alegia, 26 plaza izatetik 53 izatera pasatuko da, eta, aldi berean, ingurunea urbanizatu eta irisgarritasuna hobetuko da. 700.000 euroko aurrekontu batekin, obrak 2022an amaituko dira. Egitasmo hau EAJen eta PSOEren artean adostutako 2021eko zuzenketa baten emaitza da.

Horrela, dagoeneko martxan dauden proiektuekin (Errebalgoa, esaterako) eta jada zehaztuta eta 2022rako garapen-fasean dauden planekin, 320 aparkaleku berri baino gehiago lortuko dira, emakidako garajeen, parking-plazen, aparkaleku-eraikinen eta kaleko aparkalekuen artean banatuta.

Amaña, Urki eta Jardiñeta

Horrezaz gain, eta kontuan izanik gainerako auzoetan dauden zailtasunak, Udala hainbat proiektu aztertzen ari da Amaña, Urki edo Jardiñetarako.

Jardiñetan, Miraflores aldean baso-lorategi bat eta hiri-baratzeak berritzeko eta sortzeko proiektuaren harira, obrak egin nahi dira Jardiñetaren goialdean dauden aparkalekuen lursaila hobetzeko eta handitzeko. Aurten aztertuko da proiektua eta, ahal dela, 2023an jarriko da martxan.  

Halaber, bai Amañan bai Urkin, Udala aparkalekuetarako tokiak sortzeko aukera aztertzen ari da. Horretarako, udal teknikariak baloratzen ari dira aukera desberdinen  bideragarritasun teknikoa. 

Plan hauen berri eman ondoren, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Gobernu Taldearen lehentasunetako bat, udal Plan Estrategikoan jasotako erronketako batekin bat etorriz, herriari eta erdiguneari, bereziki, aparkaleku gehiago ematea da, eta horren inguruan hilabeteak daramatzagu lanean, hain zuzen, herritarren premiei ondoen erantzungo dien kokaleku egokia topatzen”.

Jon Iraolaren hitzetan, txandakako parking gehiago eginez “gure asmoa da erdigunean dagoen aparkaleku falta arintzea, eta, era berean, ahal den neurrian, erdigunean dagoen merkataritza-jarduerarako eta eskaintzen diren gainerako zerbitzuetarako irisgarritasuna erraztea.”.