Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Andretxeko eraikin berriaren barruko obrak astearte honetan hasiko dira, hilak 31, eta 37 aste iraungo dute

Isasi kaleko Astelena frontoiaren ondoan dagoen Andretxe berriaren irudia. Artxiboko argazkia.

Isasi kaleko Astelena frontoiaren ondoan dagoen Andretxe berriaren irudia. Artxiboko argazkia.

2022/05/30

Lanek 917.437 euroko kostua dute (BEZa barne) eta Urdinberri-Viuda de Sainz ABEEak egingo ditu; obrak martxoan adjudikatu ziren. Lanen ondorioz eraikinaren aurrealdea itxi egingo da, bai espaloia bai errepidea, baina bermatu egingo da uneoro oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa.

Astearte honetan (maiatzak 31) hasiko dira Isasi kaleko Astelena frontoiaren ondoan dagoen Andretxe berriaren instalazioen barrualdea egokitzeko lanak. Obrak adjudikatzean jakinarazi zenez, 37 asteko iraupena izango dute, eta Urdinberri-Viuda de Sainz ABEEak egingo ditu. Udalak 917.437 eurotan (BEZa barne) esleitu zizkion obrak martxoan. Epe horietan oinarrituz, Andretxe berria datorren urtearen bigarren hiruhilekorako amaituta egongo da.

Eraikinaren barrualdea egokitzeko eraberritze-lan hauek, duela urte batzuk kanpoaldea zaharberritzeko egin ziren obrekin batera, emakumeen ahalduntzerako garrantzi handiko erreferentzia-puntu bihurtuko dute gune hau, eta bertan jarduerak garatu eta ezagutza berriak eskuratu ahal izango dituzte.

Horretarako, Berdintasun Sailaren eta Emakumeen Mahaiaren planteamenduak kontuan hartu dira eraikinak izan beharko dituen zerbitzuak eta espazioen banaketa definitzean, dagoen azalera ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta higiezina oso estua dela kontuan hartuta.

Gainera, eraikinaren alboetako bat berreskuratuko da, multzoarekin harmonizatzeko; Astelena pilotalekurako sarbideak ere hobetuko dira, eta gaur egun duen baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa egingo da; larrialdietako ebakuazioa ere hobetu egingo da.

Lan hauek eraikinaren aurrealdea ixtea ekarriko dute, bai espaloi aldean bai errepide aldean. Hortaz, maiatzaren 31n, lanak hasi baino lehen, langileek zebra-bide bat margotuko dute Isasi kaletik, Astelena frontoi aldetik, datozen pertsonak beste aldeko espaloira igaro, eta, modu seguruan pasa daitezen obra ingurutik.

Ibilgailuen trafikoari dagokionez, eta errepide-zati batetik ezingo denez ibili, trafikoa beste aldeko espaloian dauden aparkalekuetatik desbideratuko da. Behin obra-ingurua pasatuta, ibilgailuak normaltasunez ibiliko dira errepidetik berriz ere.

Azkenik, pilotalekuaren sarbideari dagokionez, bermatuta egongo da uztailaren 1era arte; izan ere, egun horretatik aurrera, eta udan inolako jarduerarik aurreikusten ez denez, itxi egingo da sarbideko eraberritze-lanak egiteko. Sarrera itxita egongo da irailera arte, hilabete hori barne.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Lan hauekin azken pausoa ematen da Eibarko herritarrek hainbeste itxaron duten proiektu hau gauzatzeko; gobernu-taldetik egitasmo honen aldeko apustu sendoa egin dugu, uste baitugu Eibarko emakumeek beren beharretara egokitutako espazio zabal eta modernoa merezi dutela. Horregatik, gune berri hau sortzeko prozesu osoan, Udaleko Berdintasun Zerbitzuaren eta Emakumearen Mahaiaren eskutik joan nahi izan dugu, Eibarko emakumeen kezkek, beharrek eta hobetzeko eskaerek Andretxea berrian erantzuna izan dezaten.”

Andretxe berriaren espazioak

Andretxeko eraikin berriko espazioen banaketa hauxe izango da: Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da. Han harrera-lekua, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat egongo dira. Lehenengo solairuan Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikoarentzako bulegoak egongo dira, eta baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste gela bat ere.

Bigarren solairuan kokatuko dira liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten emakumeen elkarteentzako eta taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, topagunerako eta formakuntzarako erabiliko dena. Gainera, erdisotoan leku txiki bat egongo da eszenatokitzat erabiliko dena, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko.

Isasi kaleko eraikinaren zaharberritze-lanen kostua —eraikina oso egoera txarrean zegoen—, 700.000 euro ingurukoa izan zen. Orain, bakarrik geratzen da barrualdeko azpiegiturak egokitzea eta hornitzea, asteartean hasiko diren lanekin.

Lizitaziora aterako den proiektu hau lotuta dago Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren -2 solairuan dauden garajeen eta trastelekuen eraikuntzarekin eta adjudikazioarekin.  Eibarko PSE-EEk eta Eibarko EH Bilduk iazko urterako onartutako aurrekontu-akordio baten arabera, Errebalgo garajeen adjudikazioarekin lortutako diru-sarreren parte bat Andretxeko eraikinaren barnealdea berritzeko erabiliko da.