Eibarko Udala

Alkateak pozik hartu du Espainiako Gobernuak 3 milioi euro bideratzea Murrategiko auzoa berroneratzeko

2022/12/02
Murrategi auzoko artxiboko irudia.
Dirulaguntza EH Bilduk Estatuko aurrekontu orokorrei egindako zuzenketa baten emaitza da. Iraolak balioan jarri du Udalaren gobernu-taldea EH Bildurekin batera herriaren ekialdea biziberritzeko egiten ari den lana, baita Eusko Jaurlaritza horretarako ematen ari den laguntza eta duen inplikazioa ere.

Jon Iraola Eibarko alkateak pozik hartu du Espainiako Gobernuak onartu izana EH Bilduk Estatuko aurrekontu orokorrei aurkeztutako zuzenketa bat. Zuzenketa horren arabera, 3 milioi euro bideratuko dira Murrategi auzoa berroneratzeko.

Iraolak balioan jarri ditu Eibarko Alkatetzatik Espainiako Gobernuarekin egindako gestioak zuzenketa hori azkenean onartu ahal izateko, izan ere, Sanchezen Gobernuari jakinarazi baitzion zer garrantzitsua den hiriarentzat funts gehigarri horiek izatea hiriaren ekialdea biziberritzeko martxan dagoen proiektua bultzatzeko; alde horretatik, pozten da egindako gestio horiek emaitza hau eduki izanaz.  

Zera adierazi du alkateak: “Orain Eibarrek Murrategi auzoa biziberritzeko 3 milioi gehiago izatea albiste bikaina da hiriarentzat, horrek aukera emango baitigu auzoak behar duen berroneratze-proiektuari lasaitasunez heltzeko.

Horren harira, Iraolak nabarmendu du udal-talde sozialistak EH Bildurekin duen sintonia ona, herria berroneratzeko proiektu estrategikoak bultzatzeko eta abian jartzeko. “Horren erakusgarri da hiriaren ekialdeko zati garrantzitsu bat biziberritzeko bi alderdion artean egiten ari garen lana, orain arte hiru proiektu handitan gauzatu dena: trenbidea estaltzea Estaziñotik Azitainerainoko zatian, Hijos de Gabilondo lantegi zaharra birgaitzea eta haren inguru guztia berroneratzea, bai eta Lapeyra enpresaren eraikin zaharra erostea ere, Eusko Jaurlaritzak babestutako etxebizitza bihur dezan.”

Azkenik, hala esan du: “Azpimarratu nahi ditut Eusko Jaurlaritzatik jasotzen ari garen inplikazioa eta laguntza, ekialdeko gunea berroneratzeko proiektuak behar dituen inbertsio garrantzitsuak egiteko, inplikazio hori gabe ezinezkoa bailitzateke proiektua gauzatzea.” 

Eibarko Murrategi auzoko Birgaitze Integratuaren Plan Berezia

2021ean, Eibarko Udalak Murrategi auzorako Birgaitze Integratuaren Plan Berezia onartu zuen.

Plan horrek 2016an egindako azterlan sozio-urbanistiko bati erantzuten dio eta bertan auzoa berroneratzeko premia azpimarratzen zen. Planaren helburua da auzoko hiri-ehuna berroneratzea, babestea, kontserbatzea eta hobetzea, bai eta auzotarren bizi-baldintzak hobetzea lortzeko jarduera-sorta bat proposatzea ere.

Dokumentu horrek auzoan dauden bizitegi-eraikin guztiak beren egungo ordenamenduarekin finkatzen ditu: guztira 6 eraikin eta 28 etxebizitza dira birgaitze-lan handia behar dutenak.

Halaber, auzoa berroneratzeak berekin ekarriko luke lurrak erostea eta gero parke eta aparkaleku bihurtzea; ibilgailuentzako sarbideak hobetzea; galtzadak birgaitzea; argiztapena hobetzea eta beharrezko hiri-altzariak jartzea.

Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezia onartu zenetik, Udalak lanean dihardu dokumentuan jasotako proposamenak aplikatzeko.  Eta horren ildotik, aurtengo 2022ko ekitaldian, Udalak Planaren eraginpeko lursail bi erosi ditu.  Gainera, Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Ego ibaia eta haren ertzak biziberritzeko proposamenak kudeatzen ari da, ingurune osoa hobetzeko xede orokorragoaren testuinguruan.