Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak neurriak hartzeko eskatu dio Euskal Trenbide Sareari trenek Egogain-Ardantza zatian ateratzen duten zarata arintzeko

Ardantza geltokiaren irudia.

Ardantza geltokiaren irudia.

2021/05/14

Jon Iraola entitatearekin bildu da duela gutxi, bizilagunen kexa helarazteko trenek ateratzen duten zaratengatik. ETS-k alkateari adierazi dionez, aurten bertan egoera aztertzeko asmoa dute, eta hortik abiatuta jarduera-plan bat eta aurrekontu-esleipen bat.

Jon Iraola Eibarko alkatea Euskal Trenbide Sarearekin bildu zen duela egun batzuk, konponbide bat eskatzeko trenak Egogain, San Andres eta Udalaren ostetik pasatzean ateratzen duen zarata murrizteko. Alegia, Ardantzako geltoki gainetiko zatia eta Berdintasunaren pasealekuaren hasiera.

Iraolak inguru horretako bizilagunen kexak jakinarazi zizkion ETS entitateari. Urte batzuetatik hona bertan bizi direnak neurriak hartzeko eskatzen ari dira trenen zirkulazioak eragiten dituen kirrinkak ahalik eta gehien murrizteko.

Bileraren ondoren, Euskal Trenbide Sareak arazo horri erantzuteko asmoa adierazi zion alkateari; horretarako, aurten egoera aztertuko dute egin daitezkeen lanak zehazteko, eta konpromisoa hartzen dute lan horiek egiteko aurrekontu bat egokitzeko.

Inguru horretako bizilagunak etengabe kexatu dira, baina kexu horiek ugaritu egin dira Ardantzako geltoki berria eraiki eta zati hori estali zenetik, izan ere, orduz geroztik arazoa areagotu egin zen eta trenbideek sortzen dituzten zaratak eta kirrinkak handitu.

Eibarko Udalaren eskabidea ez da berria eta aurreko alkateak ere hainbat aldiz eskatu zuen arazoa konpontzeko. Lan konkretuak ere pentsatu ziren, esaterako, sistemaren bat ezartzea trenbideak heze mantentzeko eta hala zarata murrizteko, edo zarataren aurkako panelak jartzea etxebizitzetara ematen duen aldean. Nolanahi ere, ETS-k egiten duen azterketatik aterako dira neurri horiek.

Bileraren ostean, alkateak hauxe adierazi du: “Egiaztatu ahal izan dut  Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak  jarrera ona duela gaiarekiko eta  herritarren kezkari erantzuteko”.