Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak jakin du Eusko Jaurlaritzak erantzun egingo diola Erisono Parke Teknologikoaren II. fasea garatzeko egin zuen eskaerari

 Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua, Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua, Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia.

2022/01/20

Jon Iraola gaur bildu da Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin. Harekin batera etorri dira Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen zuzendaria eta Txaber Ouro Sprilurreko zuzendaria. Eibarko Udalean egindako bileran, sailburu andreak jakinarazi du 16 milioi euro izango direla handitze-lanak egiteko. Hiru fasetan egingo da, eta 6 eraikin izango ditu.

Gaur goizean, Jon Iraola Eibarko alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua hartu du udaletxean. Sailburua Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen zuzendariarekin eta Txaber Sprilurreko zuzendariarekin etorri da.

Bilera horretan, sailburuak eskatutakoa, alkateak jakin du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela 2022ko urte honetan bertan Erisonoko Parke Teknologikoa handitzeko proiektua idazteko. Arantxa Tapia andreak azaldu duenez, proiektu hori 3 fasetan gauzatuko da eta guztira 6 eraikin izango ditu.

Horrela, Eusko Jaurlaritzaren helburua da urte honen amaieran —edo, hala badagokio, 2023aren hasieran— lizitaziora ateratzea proiektuaren lehen fasea.

Era berean, Jon Iraola alkateak jakin ahal izan du jarduera —Sprilurretik egingo dena eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak kudeatuko duena— Eusko Jaurlaritzak finantzatuko duela 16 milioi eurorekin. Nolanahi ere, ekintza hori Next Generation Europako Funtsen bidez finantzatu ahal izango da, proiektu hau funts horiek lortzeko aukera gisa aurkeztu baitzuen euskal gobernuak.

Egitasmo hau, joan zen ekainean Iraolak eta Tapiak izandako bileraren ondorioz,  Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako Sailak egindako hausnarketaren emaitza da.

Jon Iraolak zera esan du: “Dudarik gabe, Erisonoko Parke Teknologikoa handitzeko prozesua abian jartzea aspalditik espero genuen albiste ona da, benetan ona. Bide luzea eta latza izan da, eta bide horretan, bai nire aurretik Alkatetzan zegoenak bai nik neuk ere Udalaz gaindiko eragile eta erakundeekin hainbat eta hainbat bilera egin ditugu, asmo hau bultzatzeko beharrezko laguntza eta finantzaketa lortzeko.”

Alde horretatik, Iraolak gaineratu duenez, “betidanik uste izan dugu Eibarren teknologia-enpresa gehiago ezartzeko industria-lurzorua handitzea proiektu estrategikoa dela hiriaren eta eskualdearen ekonomiarako. Azkenean, badakigu Erisono handitzea errealitate bilakatuko dela.”

 “Hala eta guztiz ere, –nabarmendu Iraolak— laguntza eskatzen jarraituko dut poligonoaren gainerako zatia ere gara dadin, gaur ezagutu dugun planteamenduak ez duelako bere baitan hartzen eta beharrezkoa iruditzen zait jarduketa osatzea”.