Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak bilera bat eskatu du Ekonomia Garapeneko sailburuarekin, Eibarko Parke Teknologikoaren bigarren fasearen garapenean laguntzeko prest dagoen jakiteko

Eibarko Parke Teknologikoaren inguruaren aireko ikuspegia.

Eibarko Parke Teknologikoaren inguruaren aireko ikuspegia.

2021/05/13

Proiektuak Eibarrentzat duen garrantzia azpimarratzeaz gain, Jon Iraolak gogorarazi du jarduera garatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela. Alkatea joan den astean Gobernu zentraleko Industria idazkariarekin bildu zen eta hark proiektuan inbertitzeko konpromisoa berretsi zuen.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat idatzi dio Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren sailburuari, bilera bat eskatuz “Eibarko Parke Teknologikoa handitzeko proiektua (II. Fasea) aurkeztu eta egitasmoa garatzen laguntzeko prest dagoen jakiteko”.

Iraolak halaxe dio gutunean: “gauzatu nahi ditudan egitasmo nagusi eta estrategikoenen artean dago karguan nire aurretik egon zen Miguel de los Toyosek hasi zuen proiektua, Eibarko Parke Teknologikoaren II. Fasea garatzekoa, hain zuzen”.

Jarduera estrategikoa da, izan ere, “bertako enpresak finkatzeko aukerak zabaltzeaz gain, Eibarrek eskualdean duen posizionamendua eta lidergotza indartuko du, enpresa teknologiko berrien erakarpen-gune eta kalitateko enplegu-toki bihurtuz”.

Horren harira, Iraola Raül Blanco Gobernu zentraleko Industria idazkariarekin bildu zen joan den astean, jakin ahal izateko ea eusten zion urte batzuk lehenago Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak proiektuari ekonomikoki laguntzeko hartutako konpromisoari. “Jakinarazi zidatenez, konpromisoak bere horretan dirau eta datozen hilabeteetan joango gara gehiago zehazten”.

Horregatik, gutunean azpimarratzen du ezen Parke Teknologikoa handitzeko inbertsioa —Tekniker zentro teknologikoaren ondoko lursailetan, Erisonoko poligonoan— Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasagarritasun eta Ingurumen Sailaren eskumena dela, eta, beraz, bilera bat eskatzen du proiektua aurkezteko.

Maiatzaren 4an Raül Blancorekin izandako bileraren ostean, alkateak hauxe adierazi zuen: “gaur eduki dugun bilera oso ondo joan da; izan ere, Industria Ministerioarekiko lankidetzaren xehetasunak zehazteaz gain, garbi ikusi dugu proiektuan laguntzeko haien konpromisoak aurrera jarraitzen duela”.

Jada orduan, Jon Iraolak iragarri zuen laster gutun bat idatziko ziola Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuari, bilera bat eskatzeko “jakiteko ea Saila prest dagoen proiektu hau bere gain hartu eta finantzazioan laguntzeko, Eusko Jaurlaritza baita gai horretan eskumena duena”.