Eibarko Udala

Alkateak Bide Azpiegituretako diputatu andreari bilera bat eskatu dio, zarataren aurkako eta segurtasuneko panelak Eibar zeharkatzen duen AP-8 autobidearen trazatu osoan jar ditzaten beste behin eskatzeko

2021/03/26
 Ubitxako bidezubiaren irudia.
Foru Aldundiari aste honetan igorritako gutun batean, Jon Iraolak, panel hauen beharra dela-eta, kezka adierazi dio, bai beraren bai herritarren izenean. Udalak ia hamar urtetik hona behin baino gehiagotan egin izan duen eskaera da, eta denbora tarte horretan, partzialki baino ez zaio erantzun Ubitxako bidezubian jarritako panelekin.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat idatzi dio aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegitura Departamenduko Aintzane Oiarbide diputatu andreari, berriz ere eskatzeko Eibar zeharkatzen duen AP-8 autobidearen zati osoan zarataren kontrako panelak jartzeko.

Horrez gain, alkateak beharrezkotzat jotzen du segurtasun-neurriak hartzea, besteak beste, bidezubietatik Txonta bezalako auzoetara objektuak erortzea saihesteko, eta, horrela, herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko, batzuetan kaltetuak izan baitira.

Iraolak diputatu andreari idatzitako gutunean gogorarazten dio behin eta berriz egin diotela eskabide hori ia hamar urtetik hona, eta, denbora horretan, modu partzialean baino ez dela erantzun. Zehazki, duela urte batzuk zarataren kontrako eta babeserako panelak jarri ziren Ubitxako bidezubiaren inguruan.

Ildo horretatik, Jon Iraolak adierazi dio aurreko alkateak 2013an, 2014an, 2017an eta 2019an igorri zizkiola eskabide horiek Foru Aldundiaren Bide Azpiegitura Departamenduari. “Hala ere —gehitu du Iraolak—, udalerri honek zain jarraitzen duen bitartean, duela egun gutxi ikusi dut Eibartik gertu dauden beste herri batzuetan panel horiek jarriko dituztela”.

Arrazoi horietan oinarrituta, Jon Iraolak bilera bat eskatu dio diputatu andreari aurrez aurre adierazteko “egoera honek sortu duen kezka bai harengan bai Eibarko herritarrengan".