Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak bere kezka helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, Toribio Etxebarria anbulatorioko larrialdietako ordutegia pixkanaka murrizten ari delako

Alkateak bere kezka helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, Toribio Etxebarria anbulatorioko larrialdietako ordutegia pixkanaka murrizten ari delako

Toribio Etxebarria anbulatorioa.

2019/12/11

Anbulatorioko larrialdi zerbitzuak funtzionatzeari utzi dio astegunetan, 17:00etatik aurrera, eta asteburuetan, 21:00etatik aurrera. Udalak "erabakia birpentsatzeko eta zerbitzua berrezartzeko" eskatu dio Osasun Sailari, zerbitzua azkar eta eraginkortasunez emango dela bermatzeko.

Miguel de los Toyos Eibarko alkatea gutun baten bidez zuzendu zaio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgari, kezkatuta baitago Eibarko Ospitalea ireki ondoren Toribio Etxebarria kaleko anbulatorioan erregistratzen ari diren osasun-larrialdietako zerbitzuaren arreta-ordutegiak pixkanaka murrizten ari direlako.

De los Toyosek idazkian adierazi du aurtengo gripearen aurkako kanpainan dagoeneko hasi direla anbulatorioko larrialdietako ordutegiak murrizten. Zerbitzuak aste batzuk daramatza bakarrik asteburuetan zabalik 9etatik 21etara, eta astelehenetik ostiralera ez dago EAG zerbitzurik (Etengabeko Arreta Gunea). Lehen mailako arretako medikuak arduratzen dira larrialdiez, 08:00etatik 17: 00etara.

“Toribio Etxebarria anbulatorioan eskainitako larrialdi-zerbitzuak –azaldu dio alkateak sailburuari bere gutunean–, azken hilabeteetan, langile-faltaren ondorioz, zerbitzuaren ordutegi-murrizketa izan ditu, eta horiek areagotu egiten dira atarian ditugun Gabonak bezalako oporraldietan".  

Miguel de los Toyosek bere gutunean gogorarazi duenez, Eibarko Ospitalea inauguratu aurretik eta ireki ondoren, "behin baino gehiagotan adierazi nien Debabarrena ESIko zuzendariari eta Darpón jaunari, ahoz zein idatziz, garrantzitsua dela anbulatorioan larrialdi-zerbitzua ematea". Eta orain arte mantendu bada ere, zera gaineratu du alkateak: "eskaintzeari utzi zaiola jakin dugu". Orain dela gutxira arte, anbulatorioko larrialdi-zerbitzua 8:00etatik 17:00etara eskaintzen zen, eta, 17:00etatik 24:00etara, EAGk funtzionatzen zuen.

Eta, une honetan, astelehenetik ostiralera 17:00etatik aurrera, eta asteburuetan 21:00etatik aurrera, "eibartarrek ezin dute zerbitzu hori erabili" Toribio Etxebarria anbulatorioan.

Egoera berriak —dio alkateak— “zerbitzurik gabe uzten ditu hiriko erdialdeko eta ekialdeko eremuak, hain zuzen Eibarko biztanle dentsitate handiena duten guneak, eta, beraz, kezka nabaria da herritarren artean”. “Hain da horrela, ezen azken egunotan, udal-kanalen bidez, herritarren kexak jaso ditugu egoera horren aurrean”. Alkateak sailburu andreari eskatzen dio Osasun Sailak "erabakia birpentsatu eta zerbitzua berrezartzeko, zerbitzu azkarra eta eraginkorra emango dela bermatzeko".

Toribio Etxebarrian larrialdietako zerbitzua murriztearen ondorioak igartzen hasi dira jada azken asteetan. Udalak dituen datuen arabera, egun batzuetan Eibarko Ospitaleko larrialdi-zerbitzuak paziente asko artatu behar izan ditu, eta horrek atzerapenak eragin ditu arretan.