Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aire zabalean jarritako argazki-erakusketa batek baserritarren bizimodua erakutsiko du hilaren 7ra arte, San Andres jaiaren harira

Erakusketako argazki bat. Irudia: Debemen.

Erakusketako argazki bat. Irudia: Debemen.

2020/12/02

Debemenekin batera, eta aurten nekazaritza azoka ezingo dela egin-eta, formatu handiko hamar irudi jarri dira erakusgai Untzagan, baserritarren bizimoduari eta lanari ikusgarritasuna emateko asmoz. Erakusketa, 2x2 metroko argazkiekin, hurrengo hamar egunetan egongo da ikusgai, keinu bat eginez, bai baserritarrei eta bai San Andres azokari.

Untzaga plazaren aldean dauden hormetan, jubilatu etxearen ondoan, formatu handiko hamar argazki (2x2 metrokoak) jarri dira; haietan baserritarren bizimodua eta lana ikus daiteke. Ideia jarduera alternatibo gisa sortu da, COVID-19aren pandemiaren murrizketen ondorioz aurten ezin izan baita egin San Andresetako ohiko Nekazaritza Azoka.

Eibarko Udalak antolatu du ekimena, Debemenekin batera: erakusketa ibiltari bat da, Bizkaitik datorrena, eta haren helburua da egun hauei baserri giroko ukitu bat ematea eta, aldi berean, Azokari keinu bat egitea. Argazkien egilea Gema Arrugaeta da, landa- eta itsas-inguruneak erakutsi eta ikusgai jartzen dituen Gaittun erakundekoa.

Irudi guztiak gaur egungoak dira, eta haietan baserritarrak ikus daitezke, gizonak eta emakumeak, landa-inguruneko lanak egiten.  Hau da, San Andres azokan salgai jarri ohi diren produktuen ekoizpen-prozesuetako batzuk egiten.   

Argazkiak kolore bizikoak eta formatu handikoak dira eta tratamendu berezi batez babestuta daude aire zabalean egoteko; argazki bakoitzak azalpen-testu bat ere badu.

Irudiak aurreko ostiralean jarri ziren eta abenduaren 7ra arte egongo dira erakusgai.