Adjudikatu egin da Eibarko aurtengo Asfaltatze-Plan berria, zeinari esker 5.000 metro koadro berrituko diren herriko zazpi kaletan
Eibarko zazpi kaletako ia 5.000 metro kuadrotan egingo dira asfaltatze-lanak datozen hilabeteetan, Udalak, Kontratazio Mahaian, Asfaltatze-lanen 2021eko Plana Orsa SA enpresari esleitu ondoren, 173.697,73 eurotan (BEZa barne). Obrak egiteko epea zazpi astekoa izango da.
Asfaltatze-lanak Santa Ines, Jardiñeta eta Iparrgirre kaleetako zati batzuetan egingo dira; Ibargain eta Matxaria arteko kalezuloan, eta iaz asfaltatu gabe geratu zen Urkiko azalera txiki batean. Gainera, Tiburtzio Anituan koexistentzia-guneetako bat handituko da.
Azpimarratu behar da, asfaltatze-plan berri honen barruan, jarduerarik garrantzitsuena Santa Ines kaleari dagokiola, non bi tokitan 1.706 metro kuadro asfaltatuko diren. Lehena Otaolarekiko bidegurutzearen eta Ipuruako polikiroldegiaren parean dagoen biribilgunearen arteko zatia da, eta bigarrena, biribilgunearen eta polikiroldegiaren sarreraren parean dagoen oinezkoen pasabidearen artean.
Azalera gehien berriztuko den bigarren kalea Jardiñeta izango da, non saihesbidearen irteeratik eta kale horretako 22 zenbakiaren arteko zatian egingo diren lanak. Guztira, 1.685 metro kuadroko azalera hartzen du. Ahalik eta kalte gutxien sortzeko asmoz, seguruenik, kale horretako lanak gaueko ordutegian egingo dira.
Iparragirre kalean, galtzadaren zoladura nahiko hondatuta dago; hortaz, galtzada berriztuko da 11 eta 12 zenbakien artean.
Eibarko Txikito kalean azalera guztia asfaltatuko da. Bestalde, Ibargain eta Matxaria arteko kalezuloa ere asfaltatuko da. Urki kalean, 2020an asfaltatuaren zati bat berriztu zen, nahiz eta azalera txiki bat geratu 2 zenbakiaren ondoan, eta ezin izan zenez une hartan lan egin, orain egingo da asfaltatze-lana.
Bestalde, Tiburtzio Anitua kalerako jarduera espezifiko bat planteatzen da. Kontuan hartuta kale hori egun koexistentziakoa dela 1, 2 eta 3 zenbakien arteko zatian, aurreikusita dago handitzea 7 zenbaki ondoko eskailera mekanikoen guneraino; hala, galtzada eta espaloia kota berean egongo dira eta bai espaloietan bai galtzadan koexistentzia inguruetako zolata eta azalera mota berbera egongo da.
Asfaltatze-lanekin batera, kutxatilak egokituko dira, zebra-bideak, irlatxoak eta trafiko-seinaleak pintatu, abiadura murrizteko bandak berriztu, halakorik balego, eta hondatutako ezpondak konponduko dira.
Gainera, lanak egin bitartean, ahaleginak egingo dira eragindako zerbitzuen funtzionamendua eta oinezkoen eta ibilgailuen igarobidea bermatzeko. Dena den, momentu batzuetan, zirkulazioa desbideratu beharko da.