Adinekoen Mahaian eta Lankidetza Mahaian parte hartzeko prozesua martxan

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

2024/05/13

Joan den astetik, hasiera eman zaio herritarrentzat funtsezkoak diren Adinekoen Mahaian eta Lankidetza Mahaian parte hartzeko prozesuari. Udalak sustatzen ditu eta ezinbesteko leku bat dira gizartearen hainbat sektoreren ahotsa eta premiak bideratzeko.

Herritarren parte-hartzea indartzeko eta Eibarko sektore ahulenen ongizatea sustatzeko, Udalak prozesu bat jarri du abian elkarrizketarako eta lankidetzarako bi mahai sortzeko: Adinekoen Mahaia eta Lankidetza Mahaia. Espazio horiek aukera bat dira konprometituta dauden toki-erakundeek aktiboki lagun dezaten gure gizartean eragin positiboa izango duten erabakiak hartzen eta politikak formulatzen.

Bi mahaietan parte hartzeko eskabidearen prozedura oso erraza eta irisgarria da interesa duten entitate guztientzat. Nahikoa da eskabidearekin batera, eskatutako dokumentazioa aurkeztea, udal webguneko "Tramiteak eta zerbitzuak" ataleko "Gizartekintzako beste eskaerak" azpiatalaren bidez. Dokumentazioan erakundearen izena, estatutuak edo helburu nagusiak, egoitza soziala, elkartekide-kopurua eta erakundearen ordezkariaren harremanetarako datuak jaso behar dira.

Parte hartzen duten erakundeek herrikoak izan behar dute, eta, beren helburuen artean, bai adinekoei zuzendutako lana, bai nazioarteko lankidetza edo arlo horietako sentsibilizazioa egon behar dute.

Eskabideak jaso ondoren, mahaietan parte hartu dezaketen ebaluatuko da, ziurtatuz gonbidapen-gutunean ezarritako baldintzak betetzen dituztela. Horrek bermatuko du espazio horietan hartzen diren erabakien eta egiten diren eztabaiden ordezkaritza eta eraginkortasuna.

Herritarren partaidetzarako mahaiek funtsezko zeregina betetzen dute neurri eta erabaki egokiak hartzeko, herritarren ekintzak legitimatuz eta sistema demokratikoa indartuz. Gainera, udal-arloetan gaien zeharkakotasuna sustatzen dute, eta guztien ongia bultzatzen.

Garrantzitsua da azpimarratzea bai Adinekoen Mahaiak bai Lankidetza Mahaiak kontsulta- eta aholku-izaera dutela, eta ez direla lotesleak udal-administrazioarentzat.

Haien eginkizunak, besteak beste, hauexek dira: proposamenen berri ematea, jarduketa-planak sustatzea, iradokizunak eta ekimenak jasotzea, eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzea.

Ekainean egingo da bi mahaien lehenengo bilera, eta horrek emango dio hasiera haien funtzionamenduari.

Gogorarazi behar da mahai hauetan parte hartzeko baldintza dela adinekoen interesen alde edo nazioarteko lankidetzaren esparruan lan egiten duen elkarte bateko kide izatea, eta ezin dela norbere izenean parte hartu.