Abian da Neguko Beherapenen Azoka

Abian da Neguko Beherapenen Azoka

Udal ordezkariak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiko arduradunak.

2018/02/21

Guztira, sektore ezberdinetako 30 dendek hartuko dute parte; aurreko urtean baino 6 gehiago. Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatu du asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egingo den aurtengo 'factoring' azoka.

Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatutako Beherapenen Azokaren edizio berria hartuko du Eibarrek aste honetan. Ohikoa den bezala, azoka Toribio Etxeberria kalean egingo da, hilaren 21ean, 22an eta 23an, ordutegi jarraian, 10:00etatik 20:00etara. Guztira, herriko 30 dendek hartuko dute parte; horietako 15 kalean bertan ipiniko dituzten standetan kokatuko dira, karpen azpian; gainontzekoak, beste 15, beren dendetan egongo dira.

Toribio Etxebarria kalean kokatuko diren dendak honako hauek dira: Burbujas y Más, Cedry, Chiquitín, Designed by Nona, Farmalur, Guby Chicos, Guby Mujer, Ikusimakusi, Kopiña, Leder, Nïa, Rosa Domínguez, Ttiki, Txukuna eta Xare. Bestalde, azokan parte hartu, baina beren dendetan egongo direnak honako hauek dira: Alberto bitxi-denda, Askasibar, Dorotti (outlet Toribio Etxebarria), Goiara, (Calbetón), Goiara (Urkizu), Gratzina, Igmar, Khloe, Lahidalga, Los Chicos, No Comment, Oskarbi Oinetakoak, Tribeka eta Vieco. Ehungintza, moda, dekorazioa, lentzeria, oinetakoak, lurrin-denda, kirolak, makillajea, bitxi-denda, optika edota parafarmazia aurki daitezke, besteak beste.

Azokaren barruan, giroa alaitzeko hainbat jarduera egingo dira Toribio Exebarria kalean eta inguruetan. Guztiak ere, Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatuko ditu. Gaur arratsaldean, hilak 21, ‘Granujas a todo ritmo’ taldeak ikuskizuna eskainiko du, 17:30etik aurrera. Ostiralean, berriz, otsailak 23, ‘Musgoso Band' soul taldeak kontzertua emango du, 18:00etan.

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak mahaia ipiniko du azoka zabalduko den hiru egunetan, “Puntua emon euskarari” kanpainarekin, jendea erosketak egiterakoan euskara erabiltzera animatzeko asmoz. Horretarako eguneroko bizitzako hainbat egoerarekin irudiak ipiniko dituzte, jendeak pegatinak ipinita euskararekiko bere konpromisoa zein den adierazteko. Parte hartzera animatzen diren guztiei poltsa bana oparituko diete eta, horrez gain, ostiralean zozketatuko duten 100 euroko erosketa-txartela irabazteko aukera izango dute. Gaur 10:30etik 12:30era eta 17:15etik 18:30era egongo dira, bihar osteguna 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19.00etara, eta ostiralean, berriz, 10:30etik 12:30era.

etiketak: Azoka, Eibar, Negua, EMGI, Beherapenak