Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

700.000 bat euroan atera dira lizitaziora Legarregain kalean aparkaleku berriak egiteko obrak

Aparkalekuak egingo diren lursaila.

Aparkalekuak egingo diren lursaila.

2021/12/29

Saihesbidetik Legarrerako errepideko mendi-magalean erauzketa-lanak egingo dira egun dauden aparkalekuak bikoizteko. Lanak 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera hasiko dira eta obrak egiteko epea 26 astekoa izango da.

2022ko lehen hiruhilekoan hasiko dira saihesbidetik Legarrera sartzeko errepidean dagoen lursailean aparkaleku berriak egiteko obrak; horrek nabarmen ahalbidetuko du aparkaleku plaza gehiago izatea Eibarko inguru horretan.

Eibarko Udalak 697.602 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) atera ditu obrak lizitaziora; lanak egiteko epea 26 astekoa da. Obra hau egiteko eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik.

Mendi-magalaren zati bat erauziko da saihesbidetik Legarregaineko sarrera aldera behetik gora doan errepidean, hala espaloia zabaldu eta nahikoa leku izatearren aparkaleku gune handi bat eraikitzeko. Jarduera honi esker, dauden aparkaleku-plazak bikoiztu eta 26 izatetik  53izatera pasako dira, batzuk linean eta beste batzuk zeharka.

Gaur egun, Legarregainera sartzeko errepideak zirkulazio-errei bakarra dauka, goranzko noranzkoan; auzorako sarbide bakarra da, inguru guzitan zirkulazio-noranzko bakarreko kaleak daude-eta. Proiektuaren jarduera-eremuak errepide osoa hartzen du, alegia, 165 bat metroko luzera, saihesbideko sarbideko desbideraketatik haren puntu altueneraino, oinezkoen pasabidea igaro ondoren.

Halaber, oinezkoak pasatzeko guneek beren ibilbide osoan gutxienez 1,50 metroko zabalera izango dute, oinezkoak modu erosoan igaro daitezen. Oinezkoen pasabide guztiak espaloien mailara jarriko dira eta irisgarritasun-araudia beteko dute.  Mugikortasun murriztuko pertsonentzako aparkaleku-plaza berri bat ere egingo da.

Proiektu hau PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeek aurtengo udal kontuetan lortutako akordioaren emaitza da, talde abertzaleak aurkeztutako zuzenketa bat dela bide. Akordio hartan erabaki zen ‘Errebal Plazia’ erabilera anitzeko eraikin berrian garajeak eta trastelekuak emakidan adjudikatzean sortutako diru-sarreren parte bat Legarreko aparkalekuak egiteko erabiliko zela.