Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

60 kaletan kendu dira grafitiak, pintaketen aurkako kanpainaren barruan

2018/03/26

Kanpaina amaituta, Udalera iritsi eta baldintzak betetzen zituzten eskaeren % 100 baino gehiagori erantzun zaio. Hamabi pertsona kontratatu dira plana aurrera eramateko; kanpaina urrian hasi zen, auzotarren eskariei erantzuteko.

Udalak pintaketa eta grafitiak Eibarko horma eta fatxadetatik garbitzeko kanpaina bat jarri zuen abian urrian eta dagoeneko amaitzen ari da. Zerbitzuetako sailekoek adierazi dute Udalera iritsi eta baldintzak betetzen zituzten eskaeren % 100i erantzun dietela. Edonola ere, hiru gunetan oraindik ez da esku-hartu bere osotasunean, tratamendu espezifiko bat eskatzen baitute leku horiek, baina aurki kenduko dira pintaketak.

Auzoetako eskaerak batu ondoren —iazko urritik 2018ko otsailera bitartean egin zen—, 60 kaletan baino gehiagotan egin da garbiketa: grafitiak kendu dira titulartasun pribatuko fatxadetatik, betiere auzokideen komunitateek eskatuta.

Hala, auzo hauetan egin da garbiketa: behealdean, besteak beste, Asua Errekan, Azitainen eta Barakaldo kaleetan. Erdi-behealdean, Aldatzen, Bittor Sarasketan eta Pagaegin

Amañako auzoan, Artegieta, Amaña, Asola Igartza eta Bustinduitarren kaleetan, beste batzuen artean. Ipuruan, hamabi bat kaletan, hala nola Argatxan, Egigurentarren, J.A. Gisasola eta Zezenbide kaleetan.

Erdigunean, Fermin Calbeton, Ifar Kale, Isasi, Eibarko Txikito, Untzaga eta Bidebarrietan.  

Azkenik, Urkin, Bistaeder, Errekatxu, Eulogio Garate, Juan Gisasola, Migel Aginaga, Mutiola eta Txaltxazelai kaleetan.  

Kanpaina aurrera eramateko, Udalak hamabi pertsona kontratatu ditu lau hilabeteko kontratuen bidez.  Sei pertsonak urritik urtarrilera bitartean jardun zuten eta beste seiak abendutik datorren apirilera arte —orduan amaituko baitira kontratuak— lan egiten ari dira.

Udalaren kanpaina hau joan zen urrian jarri zen martxan, eta hauxe zen haren funtsa: beren etxeetako hormetatik grafitiak kentzea nahi zuten auzokide-komunitateek Udalera jo behar zuten epe baten barruan fatxada horiek garbitzea baimentzeko.

Bestalde, fatxada eta hormetako pintaketen garbiketa udal titulartasuneko guneetara ere zabaldu da, eta hogeitaka lekutan esku hartu da, hala nola Ubitxan, Urkiko eskaileretan (igogailu ondoan) eta Polonioa Etxeberriako eskailera mekanikoen ondoan, Ubitxa-Urkiko pasabide-tunelean, Ubitxako atzealdea edo San Juanetik Mekolarako eskaileretan.

Berriro egin dira grafitiak

Kanpaina honen barruan garbitu diren leku batzuk atzera ere pintatu behar izan dira grafiti berriak egin direlako. Izan ere, garbiketa kanpaina hau joan den urritik hasi zenetik, Udaltzaingoak espedienteak ireki dizkie hamabi laguni, gehienak adingabeak.

Grafitiak behin eta berriz egiten direnez, Eibarko Udalak ekintza gogorragoak hartzea erabaki du pintaketen egileen aurka, itxura denez, orain arte jarri diren isun ekonomikoak ez baitira nahikoak izan. Edozein kasutan ere, Udalak dei egiten die herritarrei gizalegez jokatzeko, fatxadak eta kaleak garbi mantentzeko.