Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

40.000 lagun inguruk ikusi dute "Pradoko Museoa Kaleetan" erakusketa

2019/07/30

Eibar izan da erakusketa hau egiteko penintsulan aukeratutako 8 herrietako bat. Museoaren berrehungarren urteurrenaren harira egindako erakusketa uztailaren 8tik 28ra egon da zabalik.

Sekulako arrakasta izan du Untzaga plazan uztailaren 8tik 28ra egindako “Pradoko Museoa kaleetan” erakusketak. Udalaren kalkuluen arabera, 40.000 lagun inguruk bisitatu dute erakusketa.

Eibarko Udalak hainbat jarduera egin ditu erakusketaren inguruan. Berrogeita sei bisita gidatu egin dira eta ia zortziehun pertsonak parte hartu dute. Haurrentzako tailerrak ere egin dira astearte eta ostegunetan, Las Meninas kuadroaren eta Sorollaren pinturaren inguruan, eta ehun eta berrogeita hamar umetik gora parte hartu dute.

Halaber, harrera oso ona izan dute asteazken arratsaldeetan antolatu diren hiru gimkanek, non umeek figurak, ezaugarriak, koloreak eta egileak bilatu behar zituzten kuadroetan. Gimkana horietan ehun umek baino gehiagok parte hartu dute. Era berean, Eibarko Udalak Astixarekin batera antolatzen dituen udaleku irekietan tailerrak eta gimkanak aprobetxatu ziren taldeekin parte hartzeko.  Jarduera horiek aurrera eramateko, Eibarko Udalak Lekim Anomazioak enpresa kontratatu zuen, eta horrek, era berean, Natalie Hickey kontratatu zuen koordinazioa eramateko.

Herriko beste elkarte batzuek ere parte hartu dute erakusketan. Eta Kitto Elkartea testuak euskaratzeaz arduratu da. Usartza Txistulari Bandak eta Kezka Dantza Taldeak inaugurazio-ekitaldian parte hartu zuten. Eibarko Cielito Musika Bandak uztaileko gaueko kontzertua Pradoko Museoaren maisulanen erreprodukzioen ondoan kokatu zuen eta Lambretta Lagunen topaketak ere parte hartu zuen, motozikleten presentziarekin erakusketari omenaldia eginez.

“Pradoko Museoa kaleetan” egitasmoa Iberdrola España Fundazioak babestu du, eta bete egin du bildumak eta Museoari atxikitako ondare historikoaren kultur identitatea ezagutarazteko eta zabaltzeko helburua. Erakusketa Pradoko Museoaren Bigarren Urteurrena ospatzeko jardueren programaren barruan kokatzen da. Bete du, halaber, Museoko bisitaren esperientzia birtualki islatzeko helburua, pinturak dimentsio errealetan ikusi ahal izan direlako, benetako arte-lan baten aurrean bezala.

Eibartarrek eta eskualdeko jendeak Pradoko Museoko berrogeita hamar obra ikusi dituzte, argazki-erreprodukzioen bidez, eta erakusketa-panelen neurrietara egokitutako tamaina errealean (184 x 122 cm). Erreprodukzioen kalitateak, haien neurriek eta argi naturalak aukera eman dute Pradoko Museoko maisu handien kolore-paleta eta kalitate kromatikoa osotasunean ikusteko.

Penintsulako zortzi hiri aukeratu dira erakusketa egiteko: Elx, Cartagena, Palentzia, Zamora, Jerez de la Frontera, Mérida, Albacete eta Eibar. Egitasmo honek, “Pradoko Museoa kaleetan” izenekoa eta Iberdrola España Fundazioak babestua, helburutzat du Museoari atxikitako ondare historikoaren bildumen eta identitate kulturalaren ezagutza, hedapena eta zabalkundea bultzatzea, heziketa-programak eta dibulgazio kulturaleko jarduerak garatuz, Erakundearen Berrehungarren Urteurrena ospatzeko programaren markoan. Gainera, birtualki islatu nahi du Museoko bisitaren esperientzia, pinturak dimentsio errealetan ikus daitezkeelako, benetako arte-lan baten aurrean egongo bagina bezala.

Uztailaren 8an inauguratutako erakusketan egon ziren Pradoko Museoaren zuzendariorde Marina Chinchilla, Iberdrola Fundazioaren lehendakari Fernando Garcia eta erakusketaren komisarioa eta Pradoko Museoaren Eduki Didaktikoen Buru, Fernando Perez Suescun.