Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

28. Toribio Echevarria Sarien banaketa ekitaldia zuzen-zuzenean, webgune honetan

2018/07/17

Sari banaketa ekitaldia IK4-Teknikerren izango da, 11:00etan. Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen dituzte, eta berrikuntza teknologikoagatik bereziki nabarmentzen diren ekimen sortzaileak aintzatesten eta babesten dituzte.

28. Toribio Echevarria Sarien banaketa ekitaldia zuzenean eta jarraian emango da bihar asteazkena, uztailak 18, udalaren webgunetik, 11:00etatik aurrera prest egongo den "Zure intereseko gaiak" atalean. Sariak emateko ekitaldia Tekniker Fundazioa eraikinean izango da.

Ideia eta proiektu ekintzaileen Euskadiko lehiaketa gailena bihurtu dira Euskadin ekimen ekintzaileak aitortzeko eta horien sustatzaileei jarduera abiarazten laguntzeko sortu ziren sari horiek. Irabazleek 10.500 euro eskuratzeaz gain, laguntza-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetan parte hartzeko aukera ere erdietsiko dute.

Edizio honetan, gainera, bi sari berezi emango dira, bakoitza 5.250 €-koa. Sari horiek zuzenduta egongo dira Enpresako ideiak/proiektuak eta Enpresa berria kategorietan proiektu irabazlea edo finalista duten Eibarko ekimenetara.

Sariok honako helburu nagusi hauek dituzte: oinarri teknologikoko ideiak eta enpresa berritzaileak gara daitezen sustatzea, kalitatezko enplegua sortzea, enpresetan berrikuntza teknologikoa bultzatzea eta ekintzaileen balioa nabarmentzea.

Sariketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuetan 38 milioi euro inguru inbertitu dira, baita 750 lanpostutik gora sortu ere (gehienak kualifikazio handikoak).

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako ekimen horretan honakoek ere parte hartzen dute: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Departamentua. Gainera, hauek dira kolaboratzaileak: Gipuzkoako Ganbera, Elkargi, APD, El Diario Vasco SPRI eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburu-elkarteak.