Eibarko Udala
pertsona nagusiak

2026ko uztailaren 16 Eibarrek adinekoen ongizatearen aldeko apustua egiten jarraitzen du 119 parte-hartzaile eta % 100eko gogobetetze izan dituen programa batekin

2026/07/16
Logotipoa.

Udalak bultzatutako Arreta Psikosozialeko Programak 119 adineko artatu ditu ikasturte honetan, eta % 100eko gogobetetze-indizea izan du. Torrekua Zentro Soziala irekitzeak zerbitzua handitu eta talde berri bat izatea ahalbidetu du, zahartze aktiboa sustatu eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko akonpainamendua eta ekintzak indartuz.

Eibarko Udalaren Adinekoentzako Arreta Psikosozialeko Programak oso balantze positiboarekin itxi du 2025-2026 ikasturtea, eta funtsezko tresna bihurtu da zahartze aktiboa sustatzeko, eta mendekotasun-egoerei eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko. Gizartekintza Sailak bultzatu eta Adindu Gerontologia Zerbitzuak dinamizatutako zerbitzuak 119 pertsonari (94 emakume eta 25 gizon) eman die arreta, ikasturte honetan.

Torrekua Zentro sozialaren irekiera mugarri izan da aurten, eta aukera eman du talde berri bat sortu eta programaren ahalmena handitzeko. Herritarren erantzuna berehalakoa izan da: taldeak plaza guztiak bete ditu eta dagoeneko itxaron zerrenda dago.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, "adinekoen ongizatea lehentasuna da udal honentzat. Gure helburua da Eibar bizi-kalitatez zahartzeko moduko herri bat izatea, autonomiari, gizarte-harremanei eta parte-hartzeari eutsiz. Programa honen emaitzek erakusten dute hurbiltasun-politikek benetako eragina dutela pertsonen bizitzan, eta bide horretan jarraitzera animatzen gaituzte".

Bestalde, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak zera adierazi du: "programa hau funtsezko pieza da gure udal-estrategiaren barruan, adineko pertsonak aktibo, lagunduta eta bizi-kalitate onarekin bizi daitezen bermatzeko. Torrekuako irekierak erakusten du jendeak espazioak behar dituela, osasun fisikoa eta kognitiboa lantzeaz gain, harreman pertsonalak sortu eta bakardadeari aurre egiteko".

Taldekako saioez gain, programak parte-hartzaileen banakako jarraipena indartu du, zentro desberdinetatik egindako 370 telefono-kontaktu baino gehiagoren bidez. Dei horiek ahalbidetzen dute etengabeko laguntza eskaintzea, zaurgarritasun-egoerak antzematea eta erabiltzaileekin harreman hurbila izatea.

"Akonpainamendu pertsonalizatua programaren indarguneetako bat da. Kontua ez da soilik jarduerak antolatzea, baizik eta entzutea, bertan egotea eta laguntza behar duten egoerak garaiz detektatzea. Etengabeko harreman horrek segurtasuna eta ongizatea ematen die adinekoei", azaldu du Archelik.

Ikasturtean zehar, jarduera ugari egin dira gaitasun kognitiboak estimulatzeko, parte-hartzea bultzatzeko eta gizarte-harremanak sendotzeko. Horien artean aipatzekoak dira Santa Zezilia egunaren ospakizuna, estimulazio kognitiboa lantzeko ikus-entzunezko tailerrak, Eibarko historia eta memoriari buruzko saioak, ikastetxeekin elkarlanean egindako "Ez dira hondakinak, janaria da" hitzaldia eta Osakidetzako profesionalek emandako "Osasuna eta uda" saioa.

Urteko memoriak, gainera, programaren balorazio positiboa islatzen du. Gogobetetasun-galdetegien % 100 aldekoa da zentro guztietan, eta erabiltzaileek jardueren kalitatea, saioen maiztasuna eta monitoreen lana nabarmentzen dituzte bereziki. Jendeak egindako iruzkinek, hala nola "Oso gustura nago", "Dena oso ona eta egokia" edo "Niretzat bikaina da, eskerrik asko", agerian uzten dute ekimen honek parte-hartzaileen egunerokotasunean duen eragin positiboa.

Alkateak azpimarratu duenez, "emaitza hauek profesionalek eta inplikatutako pertsona guztiek egindako lana aitortzen dute. Zahartze aktiboa lantzeko politikak bultzatzen jarraituko dugu, gure adinekoei komunitate bizi, parte-hartzaile eta kohesionatu baten parte izaten jarraitzeko aukera emateko”.

Bestalde, Sonia Archelik hauxe gehitu du: "Gure adinekoak zaintzen eta laguntzen dituzten programen aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu. Gure helburua da aukerak zabaltzen jarraitzea, adinekoek autonomiari eutsi ahal izateko, hiriko bizitza sozialean parte hartu ahal izateko eta zahartze duin eta osasungarri izateko".

Zerbitzuaren memoriak, amaitzeko, nabarmentzen du profesionalak oso pozik daudela, eta berresten du programak jarraipena izango duela datorren urtean ere, mendekotasuna prebenitzeko, ongizate emozionala sustatzeko eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko helburuei eusten baitie.