Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Nazioarteko lankidetza eta garapena' eta 'Elkartasun bekak': Eibarko Udalaren diru-laguntza deialdiak

2016/05/20

Urte honetan laguntza horietarako jarritako partidak 234.175,27 euro ditu eta proposamenak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da. Asko dira azken urte hauetan lankidetzaren alorrean lanean diharduten eibartarrak. Eibarko Udalak bere eskerrona erakutsi nahi die lan horregatik, egiten duten ahaleginagatik, erakusten duten inplikazioagatik.

Eibarko Udalak bere aurrekontuaren % 1a garapenean eta lankidetzan erabiltzeko hartu duen konpromiso hori zintzo bete nahian, aurtengoan ere berriro atera ditu ‘Nazioarteko lankidetza eta garapena’ eta ‘Elkartasun bekak' laguntza-programak. Urte asko darama Udalak hainbat proiektu babesteko xedea duten diru-laguntza ekimen horiek bultzatzen, gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak nahiz  nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean lanean ari diren Eibarko kooperanteen proiektuak.

“Nazioarteko lankidetza eta garapena” programaren diru-laguntzek 234.175,27 euroko diru-zuzkidura dute, eta laguntzon helburua Gobernuz kanpoko erakundeei  diru-laguntzak ematea da, munduan dauden herrialde pobretuetako biztanleriaren egoera sozioekonomikoa hobetzeko eta herrialde horietan dauden desberdintasunak gainditzeko jarduketak burutu ditzaten. Aldi berean, Eibarko gizartean bertan ere, nazioarteko lankidetzarekin eta herrialde txiroen garapenarekin lotutako gizarte-eraldaketarako hezkuntza ezagutarazi eta sustatu nahi da.

Laguntza horiek jasotzeko baldintzen artean hauexek ditugu: eskaera egiten duten elkarteek Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan egon behar dira inskribatuta; elkarteok, beren egoitza nagusia edo ordezkaritza Eibarren eduki behar dute; Eibarko Lankidetza Mahaian  hartu behar dute parte; eta, herri honetan, garapenerako heziketa edo sentsibilizazio-programak edo jarduera zehatzak garatu behar dituzte. Proposamen bakoitzari emango zaion gehieneko diru-laguntza ez da izango 80.000 €-tik gorakoa.

'Elkartasun Bekak' programak bere aldetik, lankidetzako  beka bi ematea du helburu, Eibarko gazteen artean nazioarteko elkartasuna sustatzeko. Horretarako,  eskatzen diren baldintzen artean honako hauek ditugu: lankidetza hori GKEren bat garatzen dabilen edo martxan jarriko duen proiekturen batean egitea eta xede-herrialdean gutxienez hile bitan egotea. Programa horretarako Udalak 3.000 euro ipini ditu, beraz, eskaera egiten duen pertsona bakoitzari  1.500 euro emango zaizkio.

Eskaera egiten dutenek, diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea amaitzerakoan, 20tik 40 urte bitartera eduki behar dituzte; Eibarren hiru urte lehenagotik erroldatutakoak izango dira eta ezin dira izan aurkeztutako proiektuarentzako  beste erakunde edo elkarteren batek honen antzeko beste beka bat jasotakoak.

Laguntza bi horiek eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea ekainaren 17an amaituko da. Eskaerak eta deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentazioa Pegoran entregatu behar da, hiritarren zerbitzurako bulegoan.

Horrez gain,  nazioarteko lankidetzaren inguruko sentsibilizazio-kanpainak diruz laguntzeko, 12.000 euroko beste partida bat ere jarri da. Partida hori bikoiztu egin da joan zen urtekoarekin konparatuta, ordukoak 6.000 euro zituelako horrelako ekintzetarako.