Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

‘Antxitxika Eibar’ proiektuaren inguruko balorazio positiboa egin du Udalak

2023/12/26

Eibarko Udalak eta Wellk enpresak hainbat ekimen eta erronka antolatu dituzte 2022tik 2023ra bitartean, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko. Aplikazioa 2.071 aldiz deskargatu da eta 1.479 pertsona daude erregistratuta herrian.

Eibarko Udala 2022an hasi zen Wellk enpresarekin lanean, Eibarko herritarren artean bizimodu aktiboa eta osasungarria bultzatzen dituzten tresnak eskaintzeko helburuarekin, eta, horrela, bizi-kalitatean, ongizate fisikoan eta emozionalean eragiteko.

Wellk enpresa Sport Hub-ek lagundutako kirol-sektoreko ekosisteman kokatzen da. Alegia, Eibarko Udalak babestutako ekimen bat da, helburu duena Gipuzkoan kirol-industria lehiakorra bultzatzea, eta horretarako ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza sustatzea.

2022an eta 2023an Udalak eta Wellkek hainbat ekimen bultzatu dituzte eibartarrek bizimodu aktiboagoa eta osasungarriagoa izan dezaten laguntzeko. Horretarako, herriko kirol-eskaintza digitalizatu da; Wellk aplikazioa ezagutarazi da eta jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eman da; eta herriko taldeen artean kirola sustatzeko hainbat erronka antolatu dira.

Eibarren, aplikazioa 2.071 aldiz deskargatu da eta 1.479 pertsona daude erregistratuta. Haietatik, % 44,6 emakumeak dira, eta batez besteko adina 34 urtekoa da. Pertsona guztien artean 20.500 jarduera baino gehiago erregistratu dira, batez ere oinez, bizikletaz edo antxintxika egiteko irteerak, eta 551.000 km baino gehiago pilatu dira.  Adibide gisa, km horiek munduari egindako 13,8 biraren pareko dira, edo, autoz eginez gero, 83.312,91 kg CO2 isurien pareko.

6 erronka antolatu dira: 2 Eibarko ikastetxeetako ikasleentzat soilik, 1 kirol-klubei lotutako pertsonentzat, 1 batez ere pertsona nagusiei zuzendua eta 2 herritar guztientzat.

Jasotako erantzuna oso positiboa izan da. 679 pertsonak parte hartu dute guztira eta klubei zuzendutako erronka izan da parte-hartze handiena izan duena. Erronka guztiekin pilatutako kilometroak 43.000 baino gehiago dira.  

Wellk aplikazioa tresna erabilgarria eta erraza da herrian dauden kirol-baliabideak erakusteko, eta norberaren kirol-jarduera erregistratzeko eta haren jarraipena egiteko; horrez gain,  aukera ematen dio Udalari hainbat esparrutan hobekuntzak diseinatu eta ezartzeko balio duten datuak ezagutzeko eta sistematizatzeko.

Esaterako, app-eko jardueren erregistroek aukera ematen dute herritarrek kirola egitean egin ohi dituzten ibilbideak identifikatzeko eta hiri-diseinuan egon daitezkeen hobekuntzak hautemateko (argiztapena, bidegorriak sortzea, etab.). Era berean, aukera ematen du benetako premiak kirol-eskaintzara egokitzeko.