2018an, Udalak 245 pertsonari eman zien arreta: 150 inguruk lana lortu dute edo lortzear daude

2019/01/14
Datu horiek lortzea ahalbidetu duten programek 1.021.000 euroko inbertsio bat izan dute.

Eibarko Udalak, beste entitate batzuekin lankidetzan, iazko urtean, 1.121.000 euro inbertitu ditu 245 pertsonen lan-baldintzak hobetzeko izandako arretan. Horretarako, hainbat programa egin dira eta parte hartzaileen % 60 baino gehiagok lan munduan sartzea lortu da. Gainera, gobernu-taldeak hurrengo hiru urteetan sei enplegu-programa martxan jartzeko 800.000 eurotik gora ipintzeko konpromisoa hartu du, 130 pertsonari arreta ematea ahalbidetzeko.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan "datu hauekin agerian geratu da enpleguarekin eta eibartarren lan-gaitasunen hobekuntzarekin dugun konpromisoa”. Enpleguaren arloan Udalean ditugun eskumenekin eta eskura ditugun giza eta ekonomia baliabideekin, garbi geratu da badugula kudeaketa egiteko gaitasuna, eta arduraz jokatzen dugula”.

Horiexek dira Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak 2018an egindako lanaren datu batzuk; sail horrek eibartarren enplegagarritasuna hobetzeko hainbat programa bultzatu ditu, bai herrian bai eskualdean.  Hori guztia “proposamenak egiteko jarrera proaktibo eta dinamiko argi batekin Sail honek dituen eskumenen barruan, azken helburua izanik eibartarren enplegua, aberastasuna eta ongizatea bultzatzea".

Enplegu-programei dagokienez, 2018an, langabeentzako 8 trebakuntza-programa jarri ziren martxan: “Harakinak”, “Esperientzia+45”, “Zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeak”, “Eraikinak eraberritzea”, “Azalera eta lokalen garbiketa”, “Arreta soziosanitarioa ematea gizarte-erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei”, “Salmenta teknikari laguntzaile / loradendetako saltzaile" eta "Hazilan".  Programa horiek 307.420 euroko gastua izan dute eta 120 pertsonek hartu dute parte. Laneratu edo lana bilatu dutenen portzentajea % 50etik gorakoa izan da.

Udalak joan zen urtean  pertsona langabetuak kontratatzeko —Udalak berak edo Eibarko enpresek egindako kontratuak—  736.000 euro jarri zituen;  eta 82 pertsona izan dira laguntza horiek jaso dituztenak iraupen ezberdineko kontratu bidez.

Eibarko Lanbideren laguntzaz finantzatuta, Udalak, bere Tokiko Enplegu Planari esker, 21 pertsona kontratatu zituen  221.130 euro jarrita. Horrez gain, 267.678 euro erabili zituen 30 urtetik beherako 10 gazte kontratatzeko, gazte horiei egindako kontraturik motzena 8 hilabetekoa izanik. Horretaz gain, 193.000 eurorekin lagundu zuen Eibarko enpresek egindako 38 pertsonen kontratazioa.  

Bestetik, Udalak 26.000 euro jarri zituen Eibarko enpresekin egindako kontratuak diruz lagundu eta, Prestakuntza dualaren esparruko prestakuntzarako eta ikasketarako kontratu bidez, 30 urtetik beherako 13 pertsona langaberi urtebeteko kontratua egiteko.

Langabe dauden pertsonak kontratatzeko ematen diren laguntzen esparru horren barruan, 30.000 euro jarri dira Cruz Irasuegui Fundazioaren Nazioartekotze beketarako. Beka horiek 2018an jarri ziren martxan Armeria Eskolako ikasleentzako, eta datozen urteetan EHU/UPVko Ingeniaritza Eskolako ikasleengana ere helduko dira.  Programa hori Eibarren ikasi eta beren lan-prestakuntza praktikoa atzerrian egiten dutenentzat da. Helburua da urtero hamar pertsona izatea hurrengo hiru urteetan beka horiek eskuratuko dituztenak.  

Azpimarratzekoa da baita langabe edo lan hobeago baten bila dabiltzan pertsonei prestakuntza-jarduerak egiteko ematen zaien diru-laguntza ere: 29 pertsona izan dira 2018an laguntza hori jaso dutenak.

Sailak 2018an egin duen beste ekintza aipagarri bat  Eibarren heziketa-proiektu berri bat eratzea izan da, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko, eta, ikasturte honetan, 14tik 16 urte bitarteko 12 gazte izan dira laguntza hori jaso dutenak. Hartzaileak heziketa-prozesuan beharrizan espezifikoak dauzkaten ikasleak dira, hartara arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten eta, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.

Enplegu-programa berriak

Bestalde, Udalak abian jarri ditu prestakuntza-ibilbideak toki-erakundeei egindako deialdiaren barruan, Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantzatutako asmoa. Laguntza horiek, gizarteratzeko xedez eta pobreziaren eta diskriminazioaren kontra egitearren,  kolektibo ahulenetako pertsonei begira egiten diren proiektu edo asmoetarako izaten dira. Garapen Ekonomikoko Sailak egindako proposamenaren bitartez, 756.887 euroko aurrekontu-kontsignazio bat onartu zen hurrengo hiru urteetan 100 ikasle ingururi prestakuntzako bost programa emateko.

Txonta auzoa berroneratzeko asmoaren baitan, gobernu-taldeak lehen prestakuntza- eta enplegu-programa sortzeko diru-zuzkidura proposamena egin du, hogeita hamar bat langabeturi begira egindakoa; lehenengo urtearen kostua 44.300 eurokoa izango da. 

etiketak: , ,