Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

20 pertsona kontratatuko ditu Udalak enplegua sustatzeko 2022ko tokiko ekintzen markoan

2022/07/07

Kontratuek balioko dute Udalaren sail, zerbitzu eta unitateen premiak betetzeko eta haien iraupena 3, 5 eta 6 hilabete artekoa izango da. Enplegu horietarako izena emateko epea zabalik egongo da ekainetik urrira bitartean. Aurrekontua Udalaren eta Lanbideren artean ordainduko da. Udal Lantalderako hiru pintura-peoiren eskaintzan izena emateko epea uztailaren 11n amaituko da.

Eibarko Udalak 20 pertsona kontratatzeko prozesua jarri du abian, udal arlo, zerbitzu eta unitateek dituzten beharrizanei erantzuteko. Kontratazioak, batetik, lanaldi osokoak eta 3,5 hilabeterakoak, eta, bestetik, lanaldi erdikoak eta 6 hilabeterakoak izango dira. Kontratazio guztiak sartzen dira Lanbideren Tokiko Enplegu Planean (2022).

Enplegu plan berri hau Udalak sustatzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, zeinak kontratazioak kudeatuko dituen. Planak 237.000 euro inguruko kostua izango du eta bi erakundeen artean ordainduko da.

Hauxek dira plan berrian eskaintzen diren enpleguak: 3,5 hilabeteko 11 kontratazio Udal Lantalderako izango dira —6 peoi herriaren txukuntze estetikorako, 3 espazio berdeak hobetzeko, eta peoi 1 eta ofizial 1 irisgarritasuna hobetzeko—; enplegu bat 6 hilabetekoa Udal Artxiboko ikus-entzunezkoak ISADG araura egokitzeko; administrari bat 3,5 hilabeterako Armagintzako Museoan; administrari laguntzaile bat 6 hilabeterako Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga likidatzeko, jakinarazteko eta gestionatzeko; administrari laguntzaile bat 3,5 hilabeterako 1975 urteko Erroldari dagokion dokumentazioa digitalizatzeko proiekturako; 2 gizarte-langile eta administrari laguntzaile bat 6 hilabeterako Gizartekintzako udal sailerako; administrari bat 6 hilabeterako Ego Ibarra Batzordeko espedienteen katalogazioaren bigarren faserako; eta administrari laguntzaile bat 6 hilabeterako Eibarko Udalaren egonkortze-prozesuetan laguntzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraituz.

Eskaintza horietako bat, Udal Lantalderako 3 pintura-peoiei buruzkoa, eskuragarri dago dagoeneko bai Lanbideko webgunean bai Udalarenean ere (www.eibar.eus).  Interesa dutenek uztailaren 11 baino lehen eman beharko dute izena.

Bestalde, gainerako enpleguen izen-emate epea uztailetik urrira bitartean egongo da zabalik, eta Lanbideren bidez egingo da.

Enplegu-eskaintza huen zehaztasunak eta baldintzak Eibarko Udalaren webgunean kontsulta daitezke, ‘Tramiteak eta zerbitzuak’ atalaren barruan ‘Enplegua-Beharginen aukeraketa’ etiketan ‘Lanbide’ aukeratuz. Lanbideren 943 023802 telefonora deituz ere informazioa jaso daiteke.

Eskaintza hauetan interesa duten pertsonek Lanbideren webgunean egin beharko dute: (https://www.lanbide.euskadi.eus/inicio-lanbide/).

Azkenik, enplegu-eskaintza horiei eta Udalaren webgunean argitara daitezkeen beste hainbati buruzko informazioa posta elektronikoan jaso nahi duten pertsonak "lan-eskaintzak" buletinean harpidetu beharko dira udal-webgunearen atal honetan:  (https://www.eibar.eus/eu/tramiteak/harpidetza).