Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2.000 euroko diru-laguntza Filipinetara

2017/12/28

Diru hori Gurutze Gorriak bideratuko du Tembin ekaitz tropikalaren ondorio larriak arintze aldera; denboraleak 200 hildako baino gehiago eragin ditu. Udalak aurten 9.000 euro erabili ditu larrialdietarako laguntzetan. Perura bidali zituen diru-laguntzak martxoan, Sierra Leonara abuztuan eta Karibera irailean.

Eibarko Udalak 2.000 euro zuzenduko ditu larrialdietarako laguntza gisa, Tembin ekaitz tropikalaren ondorio suntsigarriak direla-eta, Filipinetako hainbat herri jasaten ari diren egoera arintze aldera. Diru hori Gurutze Gorriak bideratuko du.

Haizete bortitzek —145 km/orduko haize-boladak izan dira— eta euri-jasa gogorrek uholdeak eta luiziak eragin dituzte kostaldean eta ibaien ondoko inguruetan; 200 pertsonatik gora hil dira eta ehunka desagertu daude. Uharteetako eskualde batzuetan, hondamendi-egoera ezarri da eta gobernuak ejerzitua  mobilizatu du.

Gainera, 100.000 pertsona baino gehiagok bere etxeak laga behar izan dituzte eta toki askotan inkomunikatuta daude eta argindarrik gabe. Bestalde, komunikabide batzuek jakinarazi dutenez, herri batzuk desagertu egin dira, uholdeen eta luizien ondorioz.

Bien bitartean, soldadu, polizia eta boluntarioek ahaleginetan dihardute bizirik egon daitezkeen pertsonak bilatzen eta elektrizitatea eta komunikazioak berrezartzen.

Tembinen aurretik, astebete lehenago, beste ekaitz tropikal indartsu batek astindu zuen Filipinetako hegoaldea: Kai-Tak izeneko ekaitzak gutxienez 54 hildako eragin zituen uhartearen erdialdean eta 240.000 lagunen desplazamendua ekarri.

Eibarko Udalak urtero partida ekonomiko bat izaten du halako kasuetarako, eta horrekin urtean zehar sortzen diren unean uneko premiei erantzuten ahalegintzen da, premia hori munduko edozein lekutan sortua izanik ere.

2017an, martxoan, 2.000 euroko partida bat bidali zen Perura uholdeak zirela-eta; abuztuan, Sierra Leonan izandako uholdeen kalteak  zirela bide, Eibarko Udalak 3.000 euroko diru-laguntza bat igorri zuen. Larrialdietarako laguntza hori irailean errepikatu zen, Karibera bidalitako 4.000 euroekin, 8,2 graduko lurrikara baten kalteak arintzeko.