Eibarko Udala
Northfit Hybrid HK EIBAR

120 pertsona inguruk hartuko dute parte hilaren 25ean Eibarren egingo den Northfit Hybrid HK EIBAR lehiaketan, Crossfit eta herri-kirolen proba mistoan

2026/04/17
Jon Iraola alkatea, Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotzia, eta Alberto Saseta eta Matías Biasco, ekimenaren antolatzaileak.
Jon Iraola alkatea, Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotzia, eta Alberto Saseta eta Matías Biasco, ekimenaren antolatzaileak.

Lehiaketa aitzindari honek kirol modernoa eta euskal tradizioa uztartzen ditu taldekako formatuan. Intentsitate handiko sei estaziok eta hasierako lasterketa batek markatuko dute apirilaren 25eko jardunaldiaren erritmoa.

Eibar kirol hibridoaren epizentroa izango da apirilaren 25ean (larunbata) egingo den NorthFit Hybrid HK EIBAR ekimenarekin, 10:00etan hasita. Proban horretan 100-120 parte-hartzaile inguru bilduko dira, CrossFit diziplinak eta herri kirolak uztartzen dituen lehiaketa berritzaile batean, bi edo hiru laguneko talde-formatuan.

Ekitaldia lasterketa batekin hasi, eta ondoren zirkuitu bat egongo da, sei lan-estazioz osatua; estazio bakoitzean 8 minutuz lan egin beharko dute parte-hartzaileek. Zirkuitu horiek ekipoen erresistentzia, indarra eta koordinazioa ingurune zorrotz eta dinamiko batean probatzeko daude diseinatuta.  Ekitaldia goizeko 10:00etan hastea aurreikusten da.

Txapelketaren helburua da erreferente bihurtzea kirol hibrido gero eta garrantzitsuago honen barruan, zeinak fitness-modalitate modernoak eta euskal kirol tradizionalak konbinatzen dituen. Lehiaketan parte hartzeko, talde bakoitzak 120 eta 180 euro artean ordaindu beharko ditu.

Jon Iraola Eibarko alkateak ekimenaren balio sinbolikoa azpimarratu du: “Ekitaldi honek oso ondo irudikatzen du zer garen herri gisa eta zeintzuk diren gure balioak: kirol-tradizioa, berrikuntzarako gaitasuna eta anbizio handiko erronkak proposatzen zaizkionean erantzuten duen herri bat. NorthFit Hybrid HK EIBAR aukera bikaina da Eibar etorkizuneko kirolean erreferente gisa proiektatzeko, gure sustraiak ahaztu gabe”.

Bestalde, Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotziak probaren inpaktu soziala azpimarratu du: “CrossFit-a eta herri-kirolak lotzen dituen formatu desberdin eta erakargarri baten alde egin dugu, eta horrek oso ondo konektatzen du gure nortasunarekin. Jendearen erantzuna oso ona izaten ari da, eta egun osoan zehar giro ikusgarria egotea espero dugu”.

Ekitaldian bertako kirolariek zein kanpoko hainbat lekutatik etorritakoek hartuko dute parte, eta helburua da Eibar kirol proba berritzaileen antolaketan erreferente gisa kokatzea.

Jon Iraola alkateak, gainera, gonbidapen zuzena egin nahi izan die herritarrei ekitaldiaz gozatzeko: “Herritar guztiak animatzen ditugu Untzagako plazara hurbiltzera, kirol ikuskizun hau gertutik bizitzera. Egun desberdina izango da, eta giro ona egotea espero dugu. Eibar kalera ateratzea eta parte-hartzaileei babesa ematea nahi dugu, eta herriaren bihotzean kirola, tradizioa eta elkarbizitza uztartzen dituen ekitaldi batekin ondo pasatzea”.