Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak elur protokoloa aktibatu du eta aparkaleku alternatiboak ipiniko ditu

2018/03/19

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur astelehena, martxoak 19, elurteengatik alerta ezarri du, 12:00etan. Hori dela eta, Eibarko Udalak alarma-protokoloa ipini du martxan eta honako erabaki hauek hartu ditu: elurra kentzeko makinak herrian bertan eta landa auzoetan aktibatzea. Hala, elurra kendu eta gatza botako dute herriko eta landa auzoetako errepide eta bideetan; Udal lantaldeak elurra kenduko du oinezkoentzako guneetatik herrian; Gatza banatuko da udal eraikin publikoetan bertako mantentze-lanen ardura daukaten langileek eraikinen sarreretan gatza bota dezaten; Udaltzaingoa koordinatzaile izendatzea elurteengatik egon daitezkeen abisu deiak direla eta.

Agindua gaur arratsaldean, 18:00etan, ipiniko da martxan eta bihar goizean, 08:00etan, bukatuko da.

Aparkaleku alternatiboak

Datozen orduetako elurtea dela-eta, Udalak Eibarko auzo altuetan bizi diren bizilagunei jakinarazten die Txaltxa Zelain (epaitegiko parkean) eta Amañako Berdintasunaren Pasealekuan aparkaleku alternatiboak jarriko dituela. Neurri horren bitartez, elurteak sor ditzakeen arriskuak eta eragozpenak gutxitu nahi dira.

Halaber, Udalak herriko merkatari guztiei laguntza eskatzen die beren dendetako sarrerak garbitzeko.