Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udal Artxiboak bideo bat egin du Alfaren mendeurrena dela-eta.

2020/10/15

Alfaren fundazioaren mendeurrenean Udal Artxiboak ere bat egin nahi du Udalak programatutako jarduerekin, bideo bat argitaratuz bere youtubeko kanalean; bertan jasotzen dira enpresaren argazkiak, bideo-zatiak, publizitate-iragarkien audio grabazio originalak eta, soinu-banda gisa, Alfaren sirena, garai hartako erritmoa markatzen zuena.

Publizitateak, 1950etik 1970era bitarteko aldian, funtsezko zeregina izan zuen kontsumo-gizartearen aldaketan, eta, horretarako, emakumeen unibertsoa hartu zuen oinarri.  Alfaren publizitate-iragarkiak harreman horren erakusgarri argia dira; izan ere, mezu haiekin emakumearen arreta bereganatu nahi zuten, hura baitzen aliatu nagusia etxeko kontsumoan.

Bideo honekin omenaldia egin nahi diegu “alfista” guztiei, gizonei eta emakumeei, beren lan eta esfortzuarekin lortu baitzuten josteko makinaren banaketa 70 herrialde baino gehiagotara heltzea, eta antolamendu propioak izatea Ingalaterran, Frantzian eta Mexikon.

Alfa izan zen Estatu osoaren lehen industria-kooperatiba; hasieran kapital sozial gehiena langileen eta enplegatuen esku zegoen, eta haiek izan ziren enpresaren nondik norakoa erabaki zutenak. Horren ondorioz, enpresa lanleku bat baino zerbait gehiago izan zen eibartarrentzat, ia izateko modu bat eta lan-harremanak ulertzeko modu bat, eibartar belaunaldi batentzat.

Bideoa ikusteko SAKATU HEMEN.