Udal Artxiboak 1558, 1594 eta 1672 urteetako agiri garrantzitsu batzuk zaharberritu ditu.
Aurten zaharberritutako agiriak hiru izan dira. Lehenengoa, 1558koa, Domingo de Malleak Eibarko kontzejuaren aurrean jarritako kaparetasun-auziari buruzkoa da. Mallea abizena Eibarko zaharrenetako bat da eta nahiz eta enbor komun batetik abiatu, Mallabiko elizatean, Eibarko hiribilduan Malleako bi oinetxe ere izan ziren. Azkena Gerra Zibilaren ondoren desagertu zen eta Hospital kalean zegoen, San Andres elizaren aurrean.
Auzian Domingo de Mallea ageri da, Mallabiko Mallea oinetxeko biloba, Durangoko Merindadekoa, Eibarko Zaldun Kapareen Kontzejuarekin auzitan, bere kaparetasuna egiaztatzeko eta Kontseilu horretan onartua izateko.
1672. urteko bigarren agiria Juan de Suinaga San Miguel de Aguinagako elizateko bizilagunak eskatutako informazioari dagokio. Agiri horretan informazioa eskatzen du Cadizen bizi den Diego de Suinaga bere seme legitimoaren jatorriari eta izaerari buruz. Oso dokumentu interesgarria da Eibarko genealogiaren azterketarako.
Hirugarren, eta azken agiria Cristobal de Sugadi herriko eskribauaren 657 orriko paper-sortari dagokio. Dokumentu hauek oso egoera txarrean zeuden, iraganean jasandako suaren eta hezetasunaren ondorioz. Papera oso egoera hauskorrean zegoen, eta ezinezkoa zen hura kontsultatzea. Horregatik guztiagatik, premiazko tratamendu bat egin zen pitzatuak eta urradurak konpontzeko eta orri guztietan geruza indargarriak jarri ziren. Horrez gain, desinfektatu egin ziren, desmuntatu, garbitu, ur-bainuan hidratatu, tinkotu, pitzadurak lotu, eta baita galdutako euskarria berreraiki ere.
Zaharberritzearen aurrekontua, guztira, 7.120,85 €-koa izan da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak 4.272,51 €-ko dirulaguntza eman du.