Eibarko Udala

Terrorismoaren eta biolentziaren biktimak izandako pertsonen testigantzak jasotzen dituzten bideoak eskainiko dira Udalbatza Aretoan gaur asteazkena eta bihar osteguna

2018/11/14

Aurreko larunbatean, azaroak 10, ospatu zen Memoriaren Egunaren barruan, hainbat jarduera egingo dira Eibarren. Gaur asteazkena, azaroak 14, eta bihar osteguna, azaroak 15, terrorismoaren eta biolentziaren biktimak izandako pertsonen testigantzak jasotzen dituzten bideoak eskainiko dira Udalbatza Aretoan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bildutako bideoak dira guztiak.

Gainera, bideoak ikustera etortzen diren pertsonak eskuragarri izango dituzte orri batzuk beren pentsamenduak, gogoetak, oroitzapenak, iritziak...bertan idazteko; bideoei buruzko gogoetak edota beren oroitzapen propioak jaso ahal izango dituzte orrialde horietan.

"Eibarko memoriak"

Bestalde, 2019 urte hasieran, Udal Talde politiko guztiak lanean arituko dira elkarrekin "Eibarko memoriak" izeneko solasaldi edo berbaldiak egin ahal izateko. Helburua da pertsona desberdinen arteko elkarrizketak, berbaldiak...martxan ipintzea, herritar guztien bizipenak, ahotsak edota oroitzapenak kontuan izan eta oroimenaren eraikitze sozialaren alde lan egiteko, betiere, bizitza eta giza eskubideak errespetatuz.