Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Murrizketak eta debekuak Euskadin, Baso-suteetarako Larrialdi Plan Bereziko alerta-fasea dela eta

2022/07/15

Bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta Euskadi osora heda daitekeela eta areagotu egin daitekeela ikusita hartu da erabakia.

Azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoa astintzen ari den bero-bolada dela eta, gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren “larrialdi-fasea” Euskadi osora hedatuko du. Erabakiarekin batera eman den Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenean murrizketa eta debeku batzuk ezartzen dira arrisku larria eragin dezaketen jarduketa eta erabilpen jakin batzuetarako, batez ere landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean.  

Bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta Euskadi osora heda daitekeela eta areagotu egin daitekeela ikusita hartu du erabakia Eusko Jaurlaritzak. Horregatik, erabaki du:

  • Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alerta laranja egoeran debekatuta egongo dira honako jarduerak, egunero ezarriko diren ordu-tarteetan:
    • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
    • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
    • Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Debekatuta dago halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.
  • Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alarma gorriko egoeran: aurreko murrizketa guztiak eguneko 24 orduetan egongo dira indarrean.

Gaurtik hasita eta egunero, Eusko Jaurlaritzak murrizketen eta debekuen egoera eta ordutegia eguneratuko ditu Euskadiko lau eremuetako bakoitzerako.

Arau-hausteak

Gaur hartutako erabakiaren arabera, gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69., 70. eta 73. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.