Mikel Oyarzabalen eta Jon Gorrotxategiren omenaldia atzeratu du Eibarko Udalak
Udalak Mikel Oyarzabal eta Jon Gorrotxategi futbolari eibartarrak, Realarekin Errege Kopako txapeldun izan berri direnak, omentzeko ekitaldia atzeratzea erabaki du.
Erabakia hartu da Untzaga plazan jokalariei harrera egiteko ekitaldia eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardunaldiaren itxiera bat zetozela ikusi ondoren. Ordutegiak bateragarriak baziren ere, gaur arratsaldean hainbat talde eta parte-hartzaile bilduko dira toki berean, eta Udalak egokiagotzat jo du aurreikusita zegoen kultur programa lehenestea, alegia, Dantzaren nazioarteko Egunarena, parte-hartze zabala izango baitu.
Udalak azpimarratu du atzerapen horrek ez diola inola ere garrantzirik kentzen Eibarrek Oyarzabali eta Gorrotxategiri egin nahi dien aitortzari; aitzitik, ekitaldi bakoitza baldintza onenetan eta merezi duen protagonismoarekin garatu ahal izatea bermatzeko borondateari erantzuten dio.
Udala lanean ari da omenaldia egiteko data berri bat zehazteko, eta laster iragarriko dute, ahalik eta herritarren parte-hartze handiena bermatzeko.
Herritarrek egoera ulertzea eskertu du udalak, eta gure herriko kultura bultzatzeko eta kirol-erreferenteak omentzeko konpromisoa berretsi du.