Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mankomunitateak lurpeko edukiontzien ordez lurrazalekoak jarriko ditu Eibarren irailaren 15etik 21era

San Juan kaleko lurpeko edukiontziak.

San Juan kaleko lurpeko edukiontziak.

2021/09/13

2020ko abenduaren 16ko Batzar Orokorrean onartu zen Debabarreneko 52 lurpeko edukiontzi lurrazalekoengatik aldatzea, udalerri bakoitzeko edukiontzien egoera aztertu ostean. Gaur, irailak 13, hasi dira lanak eta azaroaren 2rako amaituta egotea aurreikusten da. Eibarren, lanok irailaren 15etik 21era bitartean iraungo dute.

Aldaketarekin lurpeko edukiontzien kopurua murriztuko da, hauen mantentzeak dakarren gastua txikitzeko eta herritarrei lurpeko edukiontzien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak ekiditeko. Helburua da hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzea, mantentze gastuak murriztea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta eskualdeko gaikako bilketa hobetzea.

Lurrazaleko edukiontziak gutxien eragozten duten lekuan ipiniko dira, herritarren egunerokotasuna oztopatuko ez duten tokian. Estetikoki homogeneoak izango dira guztiak eta Mankomunitateko langileek hondakinak azkar jaso ditzaten kokatuko dira. Modu honetara, hondakinak biltzean zarata murriztuko da eta langileen segurtasuna eta erosotasuna bermatuko da.