Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kontsumo Arduratsuaren III. Azoka izango da ekainaren 3an, anbulatorioko parkean

2018/05/31

Ekimen horren bitartez, helburu bikoitza lortu nahi da: justizia soziala eta ingurumenaren zainketa oinarri dituen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea, baita herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea ere. Azoka anbulatorioko parkean izango da 11:00etatik 14:30era.

Kontsumo Arduratsuaren III. Azoka hartuko du Eibarrek datorren igandean, ekainak 3, anbulatorioko parkean, 11:00etatik 14:30era, 'Arduraz kontsumitu!' izenburupean. Ekimenak bi helburu ditu; alde batetik, justizia soziala eta ingurumenaren kontserbazioa oinarri dituen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea, eta, bestetik, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea.

Aurten azoka bidezko merkataritzatik haratago joango da eta kontsumo arduratsua ahalbidetzen duten hainbat taldek hartuko dute parte: FIARE banku etikoaGoiener energia berriztagarrien proiektua, Eibarko Aza eta Porrua eta Karabeleko kontsumo taldeak, Meabeko Ogixe baserriko ogia eta pastelak, bidezko merkataritzako produktuak, Etxebemendiko gazta eta esnekiak, ArdilanakBaobeer garagardoa, Unesco Etxea,Txaramela pasta agroekologikoa eta Alboan.

Aipatutako taldeek ipiniko dituzten postuekin batera, hainbat ekintza osagarri egingo dituzte: inguruko produktu ekologikoz eta bidezko-merkataritzako produktuez osaturiko  otar baten zozketa egingo dute; Unesco Etxeak antolatutako ‘Garapen jasangarriaren helburuak’ erakusketa ikusgai egongo da; eguerdiko 12:00etatik 14:00tara ‘Zure ravioli agroekologikoak egin’ izeneko tailerra egingo dute haurrentzat, Egoaiziak lehen aldiz antolatu duen kontsumo arduratsuaren inguruko argazki lehiaketako irabazleei sariak banatuko dizkie eta lehiaketara aurkeztutako argazkiak erakutsiko dituzte. Horrez gain, Alboan-ek martxan duen proiektuarekin bat eginda, telefono mugikor zaharrak batuko dituzte birziklatzeko.