Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gorabeherak, azken orduetako euriteen ondorioz

2021/12/10

Azken orduetan, hainbat gorabehera izan dira hiriko hainbat tokitan, euriteen ondorioz. Udaltzaingoak eta udal lantaldeak emandako informazioaren arabera, honako hauek dira punturik kaltetuenak:

  • Saihesbidea moztuta dago une honetan, Matxaria eta Asua-Erreka parean izandako bi lur-jausiren ondorioz. Udaletik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan gaude lurra garbitzeko, ezpondak egonkortzeko eta saihesbidea irekitzeko aurreikuspenak ezagutzeko. Aldunditik jakinarazi berri digutenez, saihesbidea arratsaldeko 18:00ak inguruan zabaltzea aurreikusten dute.
  • Elgetarako errepidea moztuta dago zuhaitz bat erori delako. Gorabehera horren berri ere eman zaio Aldundian horren ardura duen sailara, ahal bezain laster ken dezaten.

Udala foru-erakundearen esku jartzen da, udal baliabideekin behar duten guztian laguntzeko.

  • Unbera doan errepidea, kirol-instalazioak barne, itxita dago, lur-jausi baten ondorioz. Udal Lantaldea, udal teknikariekin batera, bertara joan dira egoera baloratzeko eta hartu behar diren erabakiak hartzeko, betiere inguru hartarako sarbidea segurtasun osoz egiten dela bermatuta. Udal teknikariek jakinarazi dutenez, asteburu osoan itxita egongo da Unbeko sarbidea, inguru horretan gerta daitezkeen lur-jausien ondorioz. Beraz, bertako kirol-instalazioak ez dira jendearentzat irekiko, eta herritarrei bertara ez joateko eskatzen zaie.
  • Cadenas Iris enpresaren eta Tekniker enpresaren arteko bide-zatia moztuta dago, luizi handi batek bi erreiak urez, lohiz eta harriz estali dituelako. Udal Lantaldea lanean ari da inguru horretan, baina  uste da lan horiek egiteak denbora eramango duela.
  • Txonta eta San Salbador arteko bidea itxita dago lur-jausiagatik. Udal Lantaldea goizeko lehen ordutik ari da lanean, eta lanak amaitzear daude.
  • San Kristobalgo 14. eta 16. zenbakien parean lur-jausi bat izan dela jakinarazi diote Udalari. Udal Lantaldea lanean ari da inguru horretan, eta goizean zehar egitea aurreikusten dute.
  • Zuhaitz bat erori da Ipuruako depositora doan errepidean. Udal Lantaldea, udal teknikariekin batera, bertara joan da egin behar dena erabakitzeko.

* Gorabeheren zerrenda eta lohia garbitu eta kentzeko lanen egoera egunean zehar eguneratuko dira, datu berriak izan ahala. 

Gainera, euriaren ondoren datozen haize-bolada bortitzen ondorioz, balkoietatik eta leihoetatik eror daitekeen edozein objektu kentzeko eskatzen diegu herritarrei. Era berean, herritarrei kontu handiz ibiltzeko eskatzen diegu, eurite handiak egon baitaitezke oraindik.