Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskuragarri dago 'Wellk' mugikorrerako aplikazio berria App Store eta Google Play Store-n

2022/04/01

Mugikorrerako app berria 'Antxitxika Eibar' proiektuaren barruan jasota dago, eta helburua da Eibarko herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta bultzatzea.

Eibarko Udalak, Wellk star-uparekin eta BIC Gipuzkoaren lankidetzarekin, ‘Antxitxika Eibar’ egitasmoa jarri du martxan; haren helburua da eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta bultzatzea. Mugikorrerako aplikazio bat da, 'Wellk' izenpean, sozializazioa sustatu eta herritarrei kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko tresnak ematen dizkiena.

Mugikorrerako aplikazio berria doan deskargatzeko moduan dago jada, bai App Store-n, bai Google Play Store-n.

Aplikazio berriaren zerbitzuak

Zehazki, aplikazioak Eibarren antolatutako kirol-jarduerak gomendatzen dizkie erabiltzaileei, kirol-planak egiteko lankideak bilatzea ahalbidetzen du, lagunekin ligak sortzea eta erronka komunitarioetan edota indibidualetan parte hartzea, horrela, hainbat sari lortuz.  

Aplikazioan sartzean, erabiltzaileek Eibarren eskaintzen diren kirol-zerbitzu guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Halaber, erregistratu ahalko dira, beren datu pertsonalak emanez, egiten duten jarduera mota edo egin nahiko luketena adieraziz, beren beharrak azalduz edo duten ordutegi-aukera. Aplikazioak informazioa emango die eta banan-banan gomendatuko zer jarduera egin dezaketen, non eta nola, eta zer ordutegitan.

Plataforma berrian Eibarko kirol-eragile guztiek hartzen dute parte, bai Udaleko kirol-instalazioek bai kirol-klub, gimnasio edo kirolari lotutako beste erakunde batzuek ere; guztira hogeita hamar bat elkarte.

Hala, plataforma hau aukera bat da kirol-klubentzat eta kirolarekin lotura duten herriko gainerako elkarteentzat; izan ere, talde horiek ematen dituzten jarduera ezagutzera eman ditzake eta herrian kirola egitea sustatu.  Halaber, aplikaziotik erronkak proposatu ahalko dira, bai Udaletik bai kluben bidez.

'Antxitxika Eibar' proiektuaren bideoa