Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Errefuxiatuak ongi etorri'

'Errefuxiatuak ongi etorri'

Tarana Karim Biharrian espazioan, asteazkena hilak 10 egingo ditu bisita gidatuak.

2017/05/09

Mugak eta Sos Arrazakeriak sortutako erakusketa honek Europako errefuxiatuei buruzko hausnarketa sakona eskaintzen digu. Maiatzaren 8tik 12ra Eibarren izango da ikusgai, BIHARRIAN espazioan, Ubitxa 16-18, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte. Bisita gidatuak Tarana Karimek egingo ditu asteazkenean, hilak 10.

"Errefuxiatuak Ongi Etorri" erakusketak 17 panel erabiliz Europan bizi dugun egoeraren nondik-norakoak jasotzen ditu. Ekialde Hurbileko eta Afrikako gudak direla medio (Afganistán 1978-2001, Irak 1980-1991-2003, Sudan 1983, Somalia 1991, Eritrea 1998, Siria eta Libia 2011, Mali 2012) eta Europako Gobernuek babes politikak bete nahi ez dituztelarik, dagoeneko 4.000.000 pertsona irten dira euren bizitokietatik babes bila europako zenbait estatutara (Italia, Alemania, Grecia, Espainia, etab.). Alde batetik, gobernu diktatorialek beren gizarte zibila babesten ez dutelako eta bestetik, europear gobernuek immigrazio legeak gordintzen ari direlako, krisi humanitarioa sortarazi da eta honen ondorioak erraz ikus daitezke komunikabideetan: mediterranear itsasoan hiltzen ari den jende kopurua (2017an 1.200) eta bizi-baldintza eskaseko kanpamentuen kronifikazioa. Guda egiteko era berria gizarte zibila bere bizitokitik botatzea bada (Gernikako bonbardeaketa adibidez), eta honi krisi ekonomikoagatik immigratzen duten pertsonak gehitzen badizkiogu (exodoa), komenigarria da erakusketa honek eskeintzen dizkigun irtenbideak ezagutzea edo behintzat informazio fidagarria bereganatzea.