Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak hainbat neurri hartu ditu Sanjuanetan gehiegikeriarik egin ez dadin

2018/06/15

Alkohol gehiegi edatearen kontra eta mendekotasuna sortzen duten beste sustantziei buruzko kanpaina prebentiboa martxan ipiniko da.

“Aukeratu zure udako argazkia” lelopean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendaritzak bi ekimen martxan jarriko ditu jaietan egiten diren gehiegikerien kontra. Jai egunotan, herriko tabernak eta txoznek alkoholimetroak, alkohol larregi ez edateko kartulinazko erregela moduko batzuk eta “Itxo Barik” pegatinak banatuko dituzte.

Ai Laketen eskutik, ekainaren 16an, bi ekintza prebentibo egingo dira. Bata, “Botiltzarra” izenekoa, nerabeei zuzendua, alkohol gehiegikeriaren kontra, arratsaldean zehar burutuko da. Bestea, udaletxearen albo batean kokatuko den informazio-estalpe bat izango da (00:00-03:00), bertan sustantzia ezberdinen analisiak egingo dira.

Sasoiaren eskutik, ekainaren 23an, gau-erditik goizaldera (00.00-03.30) alkohol gehiegi edateari buruzko informazio-estalpe bat egongo da Untzaga plazan, eta alkoholemia frogak doan egingo dira han bertan.