Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udal Artxiboak Basilio Rodriguez medikuaren dokumentazio pertsonalaren dohaintza jaso du.

2022/11/17

Basilio Rodríguez medikua Eibarko Anbulatorioan berrogei urte baino gehiagoz aritu zen pediatriako espezialitatean, eta, ondare profesionalaz gain, Eibarrekiko lotura pertsonal handia utzi zuen.

Coruñako Noia udalerrian jaioa,  Medikuntza eta Kirurgian lizentziatu zen 1954.urtean Santiagoko Unibertsitateko Fakultatean eta, urte batzuk geroago, 1961ean, doktoretza amaitu zuen. Puerikulturan eta Pediatrian espezializatu zen 1963an, eta Estatuko lehen pediatretako bat izan zen. Garai hartan, zentro mediko gutxik zuten puerikulturan espezializatutako medikurik beren plantillan, eta Eibarko Anbulatorioa, 1957an inauguratu zena, aitzindarietako bat izan zen.

Basilio Rodriguez medikuak mediku pediatra gisa jardun zuen, 1958tik harik eta 1998an jubilatu zen arte, eta 40 urteko ibilbide profesionalean milaka ume eibartar artatu zituen. Haren lan profesionala aitortzeko, 1998an, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialak ohorezko elkargokide izendatu zuen.

Dohaintza José Ángel Gutiérrez Garatek egin du, eta agiri eta objektuen artean aipatzekoak dira 1961ean Santiagoko Unibertsitatean aurkeztu zuen doktore-tesia, “Contribución al estudio de la función renal en la infancia” izenburupean, eta Medikuntza Fakultatean  1952-1953 ikasturtean  lizentziatu zirenen orla; orlak egur landuzko marko batu du eta Medikuntzako eta Galiziako hiriburuko motiboen erliebeak,  hala nola Eskulapioren makila, Bieira-maskorra edo Erromes-maskorra eta Santiagoko gurutzea.