Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udal Artxiboak KTBren lehenengo albistegia partekatu du Youtuben

2019/05/08

Eibarko Udal Artxiboak, beren instalazioetan gordetzen diren ikus-entzunezkoen fondoak partekatzeko eta zabaltzeko eginkizunarekin jarraituta, Eibarko KTB tokiko telebistak 1994ko martxoaren 21ean, astelehena, emititu zuen lehen albistegia jarri du ikusgai Youtuben sortu berri duen kanalean.

Irudiak balio handikoak dira, telebistaren memoria ez ezik hiriarena ere osatzen baitute. 25 urte igaro dira eguneroko informazio saio hau abiatu zenetik, Jose Luis Akarregiren agindupean, eta lehenengo emisio honetan berri hauek berreskuratu ditugu, besteak beste: Eibarko Talde Antimilitaristak egindako jarduerak; Torrekua anbulatorioaren eraikuntza lanak; La Salle-Azitain ikastetxeko Gurasoen Elkartearen hitzaldia; Artzerki Jardunaldien XVII edizioaren amaiera; eta, kirolen atalean, futboleko, eskubaloiko eta saskibaloiko taldeen emaitzak. Saioaren bukaeran mini-kart ibilgailuen erakustaldi baten irudiak ikusten dira.