Bazenekien Untzagako kioskoa 1959an jarri zela?
Prentsa-kioskoak XIX. mendearen amaieran sortu ziren. Gizarte digitalaren eraldaketarekin batera, salmenta-gune hauek aldatzen joan dira, eta, kasu batzuetan, gure herriko paisaiatik desagertzen.
1957an, Eibarko Udalak lehiaketa publiko bat egin zuen bi kiosko jartzeko bide publikoan, administrazio-emakida araubidean: bata Untzaga plazan eta bigarrena Merkatu plazan.
Kontratua Madrilen egoitza zuen Publicidad LLave enpresari adjudikatu zitzaion, zeina columna-kiosco publicitaria y de servicios públicos izenarekin erregistratutako modeloaren jabea zen.
Enpresak berak aipatzen zuenez, “zerbitzu publikoen sistema moderno hau ez dago atzerriko beste ezein herrialdetan, eta Informazio eta Turismo Ministerioak haren onura deklaratu du".
Proiektuak ez zuen fabrikako obrarik behar izan. Kioskoak egitura metalikoa, beira polikromatuak eta plastikozko moldurak zituen, eta guztiz prefabrikatutako elementu bat zen.
1957ko azaroaren 28an onartu zuen proiektua Udalak. Luis Palacios Montejo jaunak, Eibarko Udalaren alkateak, emakida-kontratu administratiboa sinatu zuen kioskoa instalatzeko, Publicidad Llave enpresaren alde.
1958ko urtarrilaren 18an, Ramón Muñoz Chao Eibarko biztanleak, aipatutako enpresaren izenean, 5.400 pezeta laga zituen Eibarko Udalean, administrazio-emakidarako arauz eskatutako fidantza gisa.
1959ko irailaren 1ean, publizitate komertzial eta zinematografikoaz gain, ikuskizunen karteldegiak, tren-ordutegiak eta botiken guardia-txandak erakusten zituen kioskoak. Gainera, telefono publikoko eta postontziko zerbitzuak eskaintzen zituen.
Hainbat aldiz lekuz aldatu arren, betiere Untzaga plazan, kioskoak, gaur egun ere, jarraitzen du eibartarren joan-etorrien lekuko izaten.