Atzerriko jatorria duten bizilagunentzako informazio hitzaldia abenduaren 12an, 2023ko udal eta foru hauteskundeetan botoa emateko eskubidea erabili ahal izateko

2022/11/23

Portaleko ikastaro gelak atzerritarren sufragio pasibo eta aktiborako eskubideari buruzko saio bat hartuko du astelehenean, abenduak 12, 18:30ean, 2023ko maiatzean egingo diren udal- eta foru-hauteskundeei begira.

2023ko maiatzaren 28an egingo diren Udal- eta Foru-hauteskundeak direla eta, Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Aniztasun Kulturalaren Unitateak informazio-saio bat antolatuko du, Europar Batasuneko herrialdeen arteko eta nazio-mailako hitzarmena duten nazionalitateen sufragio pasibo eta aktiborako sarbidea sustatzeko, hala nahi duten herritar guztiek eskubide hori erabili ahal izan dezaten.

Horretarako, abenduaren 12an, astelehena, 18:30ean, Portalea eraikineko “Ikastaro gela” aretoan (Bista Eder kalea 10), informazio-hitzaldia emango du Udaleko immigrazio-teknikariak, zeina hauteskunde-prozesuetan aditua den, gai honen inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Unitateak adierazi nahi du 2023ko udal-hauteskundeetan bakarrik bozkatu ahal izango dutela Europar Batasuneko herrialdetako herritarrek eta Espainiarekin udal-hauteskundeetan botoa emateko elkarrekikotasun akordioak sinatu duten herrialdeetako pertsonek.

Zentsu horretan Hautesle-Erroldaren Bulegoak Espainian bizi diren Europar Batasuneko herrialdeetako herritarrei jakinarazpen bat bidali zien urriko azken egunetan, horiek udal-hauteskundeetan botoa emateko eskubidea erabili nahi dutela adieraz dezaten.  Jakinarazpena bidali zaie aurreko urteetan Hautesle-Erroldaren Bulegoak kontaktatu ez zituenei edota Espainiako estatuan botoa emateko adierazpena egin ez dutenei.

Gutuna jasotzen dutenek udal hauteskundeetan botoa emateko borondatea adierazi ahal izango dute Internet bidez, cl@vera sartuz edo izapide-telematikodun kodearen (TIK) bidez, edo posta arruntez, gutunaren erantzuna zuzenean Hautesle-Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritza Probintzialera bidaliz, frankeoa ordaindu beharrik gabe 2023ko urtarrilaren 30era arte.

Era berean, Espainian bizi diren eta udal-hauteskundeetan botoa emateko eskubidea aitortzen duten akordioak dituzten herrialdetako pertsonek 2023ko maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan bozka bidez parte hartzeko izen ematea eskatu ahal izango dute, hautesle izateko baldintzak betetzen badituzte. Akordioak indarrean dituzten Herrialdeak dira: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua eta Trinidad eta Tobago.

Pertsona horien kasuan, azaroaren azken egunetan, Hautesle-Erroldaren Bulegoak jakinarazpen bat bidaliko die ezarritako baldintzak betetzen dituztenei, eta jakinaraziko die zein den prozedura inskripzioa eskatzeko. Inskripzioa egin ahal izango dute Internetez, postaz edo bizi diren udaletxera bertaratuta 2022ko abenduaren 1etik 2023ko urtarrilaren 15era bitartean.

Azkenik, Udalak gogorarazi nahi du, 2023ko foru-hauteskundeei begira, hautesle-erroldan (Espainian bizi direnen erroldan) inskribatutako espainiar nazionalitatea duten pertsonek bakarrik izango dutela botoa emateko eskubidea, bai aktiboa bai pasiboa. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren atzerritarrek ezin dute botorik eman.