Asaari Bibang-ek “Umore Beltza” bakarrizketa eskainiko du Eibarko Koliseoan
Azaroaren 27an, osteguna, Eibarko Koliseoan umorea, hausnarketa eta kulturartekotasuna jarriko dira erdigunean Haria eta Berba proiektuaren baitan Eibarko Inklusio Mahaiak antolatzen duen ekitaldian.
Eibarko Inklusio Mahaiak, Eibarko Udalaren, Debegesaren eta Zabaltzen Sarturen laguntzarekin, azaroaren 27an, osteguna, 18:00etan, Eibarko Koliseoan sentsibilizazio ekitaldia antolatu du. Asaari Bibang artista, idazle eta ekintzaile ekuatoguinearrak Umore Beltza bakarrizketa aurkeztuko du eta horrez gain, Eibarko kulturartekotasuna erakusten duen pieza laburra proiektatuko da.
Umore Beltza arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista da eta umorearen bidez, Asaari Bibang gai da emakume, beltz eta migratzaile izatearen arrazoiez argi eta garbi hitz egiteko. Ikuskizunak, irauten duen denboran, ikuslea topiko, aurreiritzi eta estereotipoen ispiluaren aurrean jartzera behartzen duen ibilbidea egiten du, eta, aldi berean, deseraikitze-bidaian laguntzera gonbidatzen du.
Ikuslea errealitatera eramango du, hasieratik amaierara, ikuskizun dinamiko batekin, askotariko gaiak aipatuz: salbatzaile zuriaren sindromea, erreprezentazioaren garrantzia, «beltz bakarra», bikote arrazializatuak edo imajinario kolektiboan dagoen emakume beltzaren hipersexualizazioa.
Horrez gain, Haria eta Berba film laburraren proiekzioa ere izango da ekitaldian. Bright Martinsek zuzendutako ikus-entzunezko pieza honek Eibarko egunerokotasuneko kulturartekotasunean jartzen du fokua.
Haria eta Berba proiektuaren baitako ekintza bat
Haria eta Berba Eibarren bultzatutako proiektu komunitarioa da, eta bere helburua da kulturen arteko elkarbizitza, autokonfiantza eta emakume migratuen, bertako biztanleen eta komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatzea. Ekimenak elkarrizketa, sormena eta hausnarketa partekatua ditu oinarri; lotura sozialak sendotzeko eta komunitate kohesionatuago eta anitzago bat sustatzeko tresna gisa.
Azken hilabeteotan, programa hiru esku-hartze ildo osagarritan egituratu da, elkarbizitzari hainbat ikuspegi eta errealitatetatik heltzeko.
Lehen ildoa emakume migratu eta arrazializatuentzako espazio seguru bat sortzea izan da, auto-konfiantza, autoestimua eta norberaren kontakizuna lantzera bideratua, estereotipo eta aurreiritzi sozialen aurrean.
Aldi berean, sentsibilizazio-prozesu bat egin da tokiko biztanle-taldeekin, aurreiritziak eta estereotipoak hausteko, enpatia sustatzeko eta udalerriko kulturen arteko bizikidetza-loturak indartzeko.
Prozesuaren amaiera gisa, proiektuaren hirugarren lerroa Bright Martinsek zuzendutako ikus-entzunezko erreportaje bat izan da, Eibarko kulturartekotasuna jaso eta ikusaraztea helburu duena, auzokide berriek bizitza komunitarioari ematen dioten aberastasuna azpimarratuz: auzoen berraktibazioa, tokiko saltokien erreleboa eta aniztasuna kohesio eta bizitasun komunitarioaren eragile gisa.
Ekitaldiaren xehetasunak
· Zer: Asaari Bibangen Umore Beltza bakarrizketa + Haria eta Berba film laburraren proiekzioa
· Noiz: Azaroak 27, osteguna, 18:00etan
· Non: Eibarko Coliseoan
· Antolatzailea: Eibarko Inklusio Mahaia
· Laguntzaileak: Eibarko Udala, Debegesa eta Zabaltzen Sartu
· Sarrera: Doan, aretoa bete arte