Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren errekarguaren salbuespena

Deskripzioa:. ondasun higiezinek etxebizitza erabilera dutenean, eta subjektu pasiboaren edo hirugarrenen ohiko egoitza ez direnean –azken kasu horretan, errentamenduz edo lagapen bidez–, % 50erainoko errekargua izango dute zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zerga honen subjektu pasiboei exijituko zaie, eta sortzapena zerga sortzen den une berean gertatuko da; urtero likidatuko da, kuotarekin batera.

Errekargua aplikatzearen ondorioetarako, Katastroaren arabera etxebizitza gisa erabiltzekoak diren lokalak etxebizitza erabilera duten ondasun higiezintzat hartuko dira. Etxebizitzaren eranskinak barruan sartuko dira, baina erregistro-finka bakarra osatzen dutenean. Ondorio horietarako ere, presuntzio egingo da etxebizitza erabilerako ondasun higiezin bat ohiko egoitza dela baldin eta, zergaren sortzapen egunean, hura kokatuta dagoen udalerriko erroldan bertan bizi den/direnen ohiko bizilekua dela egiaztatuta badago.

Kasu jakin batzuk ere badaude, Ondasun Higiezinei buruzko zergaren kuota likidoaren % 50aren errekargua EZ aplikatzea eskatu ahal litekeena.

Errekargutik salbuesteko arrazoiak (urte honetako urtarrilaren 1ean gauzatuta eduki behar da):

1.- Errentan utzitako etxebizitzak.

2.- Saltzeko edo errentan uzteko higiezinen merkatuan dauden etxebizitzak, baldin eta;

  • Etxebizitzaren salmenta-prezioak etxearen balio katastrala 2,2 koefizientearekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoa gainditzen ez badu.
  • Urte osoko errentaren prezioak etxearen balio katastrala 2,2 koefizientearekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoaren % 4a gainditzen ez badu; ezta hileko 700€ eurotik gorako zenbatekoa ere.


3.- Errentan uzteko, BIZIGUNEri edo horren antzeko beste programa publiko baten eskuetan utzitako etxebizitzak.

4.- Aurri egoeran egon edo birpartzelatze proiektu onetsia duten etxebizitzak.

5.- Ostatu, pentsio edo hotel diren etxebizitzak, baldin eta dagokien jarduera lizentzia badute.

6.- Erabilera profesionaletarako, merkataritza- edo enpresa-erabilerarako etxebizitzak; elkarte politikoen, elkarte sindikalen edo enpresa elkarteen egoitzak; diru irabazi asmorik ez duten elkarteak hartzen dituztenak.

7.- Etxejabea zendu ondoren hutsik geratu diren etxeak. Kasu horretan, ez da errekargua ordaindu beharrik izango urte biko epean, heriotza-egunetik aurrera zenbatuta.

8.- Etxejabea zahar-egoitzan sartzeagatik hutsik geratu diren etxebizitzak. Kasu horretan, ez da errekargua ordaindu beharrik izango 3 urteko epean, zahar-etxean edo egoitzan sartzen den egunetik aurrera zenbatuta.

9.- Edadeagatik edo mendekotasun egoeragatik, etxejabea beste etxe batera eraman denean eta haren etxea hutsik geratu denean.

10.- Etxejabea edo haren ezkontidea, lanagatik, Autonomia Erkidegotik kanpo dagoen beste udalerri batera bizitzera joaterakoan hutsik geratu diren etxebizitzak. Kasu horretan, ez da errekargua ordaindu beharrik izango 3 urteko epean, beste Autonomia Erkidego batera joandako egunetik aurrera  zenbatuta.

11.- Etxejabeen lehen graduko ondorengoek edo seme-alabek duten etxe-premiari erantzuteko erabiltzen diren etxebizitzak. Kasu horretan, eskaera egiten den egunetik  aurrera, ez da errekargua ordaindu beharrik izango 3 urteko epean. 3 urteko epe hori amaitu ondoren etxebizitza hori ez badu okupatu etxejabeen lehen graduko ondorengoren batek (seme-alabaren batek), jabeari, ordura arte aplikatu ez zaizkion errekargu guztiak ordaintzea eskatuko zaio.

12.- Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren sortzapen mementoan, berritzen ari diren eraikinak.

13.- Ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, noizean behin erabiltzen direnak. Noizean behin erabiltzen den etxebizitzatzat hartzeko, zerga sortzapenaren aurreko urtean 8 m3-ko gutxieneko ur kontsumoa egin dela egiaztatuko da.


Eskaera egiteko tokia:
PEGORA, Herritarren Zerbitzurako Bulegoa.

Eskaera egiteko epea: Udalak urtero ezartzen duena.

Tramitatzailea: Eibarko Udaleko Kontuhartzailetza saila.

Aurkeztu behar diren agiriak:

Kasu guztietan:

  • Etxejabearen NANaren fotokopia edo balio bereko beste dokumenturen batena.
  • Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekargutik salbuesteko eskaera, behar bezala beteta.
  • Legezko ordezkaritzaren kasuan, ordezkariaren NANaren fotokopia edo balio bereko dokumentuarena eta ordezkaritzaren egiaztapena dokumentu bidez. Egiaztapen hori zuzenbidean bidezkoa den edozein modutan egin daiteke (notario-ahalordea, eskriturak...).


Horrez gain, errekargua ez aplikatzeko edo errekargutik salbuetsita egoteko arrazoiaren arabera, informazio fitxan aipatzen den dokumentazioa.

Deskargatu dokumentuak
Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekargutik salbuesteko eskaera  
Ikusi | Deskargatu ( DOC, 141 KB)
Informazio fitxa: Ondasun Higiezinen Gaineko zergaren errekarguaren salbuespena  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 88 KB)