Irakurketa klubak (helduak)

Irakurketa talde hauekin lortu nahi duguna zera da, norbanakoaren lana iruzkin, balorazio eta abarren bidez aberasteko aukera eman irakurleei, balorazio horiek bakoitzarenak, dinamizatzailearenak nahiz klubeko gainerako kideenak izan daitezkeelarik.

 

“HARIXA EMOTEN” EUSKARAZKO IRAKURKETA KLUBA

Harixa emoten

Azalpena eta helburuak: Jarduera honetan, idazleak bere liburua irakurri duten irakurleei haren gaineko ideiak, esperientziak eta bizipenak elkartrukatzeko aukera eskainiko die, aurrez aurreko solasaldien bitartez.

Jarduera hauek egokiak dira, batez ere, liburu jakin baten gainean sakondu nahi duten irakurle taldeentzat. Liburuaren irakurketak sortu dizkien zalantzak, kezkak, hausnarketak, jakin-minak... idazlearekin partekatzeko abagunea izango dute; lehen eskutik jasoko dute irakurri duten lanaren atzean ezkutatzen dena eta idazlearentzat ere parada ezin hobea izango da bere irakurleen interpretazioak, iritziak, sentipenak... bertatik bertara ezagutzeko. Taldearen konplizitatea, elkar ezagutza, garrantzitsua da, beraz.

Antolatzailea Juan San Martin Liburutegia da, …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean. Euskal Idazleen Elkarteak eskaintzen duen programaz baliatuz, idazlea bera dator bere liburua komentatzera. Antxon Narbaizak laguntzen du liburuen mamia ateratzen eta saioak dinamizatzen.

Noiz: urritik maiatzera, hilean behin. Ordua: 19:00 – 20:00, Portalean.

Materiala: Solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromisua hartzen du Liburutegiak. Horretarako, komeni da aldez aurretik izena ematea Liburutegian.

Izen-ematea: irailean, Juan San Martin Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus)

Erabiliko den hizkuntza: Euskara

Doan

__________________________________________________________________________________

GAZTELANIAZKO IRAKURKETA KLUBA

Aldez aurretik aukeratutako liburuez jarduteko saioak hilero. Saioak aditu batek koordinatu eta dinamizatuko ditu, eta partehartzaileei liburuak irakurtzeko aholku eta jarraibideak emango dizkie.

Helburua:

Literaturan interesaturik dauden pertsonen harremana sustatu

Aukeratutako liburuei buruzko iruzkinak egitera sustatu

Norbanakoaren lana iruzkin, balorazio eta abarren bidez aberasteko aukera eman irakurleei, balorazio horiek bakoitzarenak, dinamizatzailearenak nahiz klubeko gainerako kideenak izan daitezkeelarik.

Irakurketa sakona egin dinamizatzaile eta klubaren gainerako kideen laguntzaz, askotan ez baikara konturatzen interesgarriak izan daitezkeen  hainbat xehetasunez.

Antolatzailea Juan San Martin Liburutegia. Peru Magdalena Arriaga da saioen dinamizatzailea.

Noiz: urritik maiatzera, hilean behin. Ordua: 19:00 – 20:00, Portalean.

Materiala: Solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromisua hartzen du Liburutegiak. Horretarako, komeni da aldez aurretik izena ematea Liburutegian.

Izen-ematea: irailean, Juan San Martin Liburutegian, telefonoz (943708437) edo e-mailez (liburutegia@eibar.eus)

Erabiliko den hizkuntza: Gaztelania

Doan

____________________________________________________________________________________

"IRAKURKETA ERRAZEKO" IRAKURKETA KLUBA

Liburutegiak irakurketa errazeko 3 talde ditu, “Egogain” (Zentro Gerontologikoan Esku-hartze Psikosozialeko programa daramaten arduradunekin elkarlanean), AGIFES eta San Andres Egoitzakoa.

Irakurketa Erraza irakurketaren demokrazia eta irakurketaren bidezko gizarte-integrazio printzipioetan oinarritzen da. Helburua da Irakurketa- edo ulermen-zailtasunak (biztanleriaren %30) dituzten pertsonak irakurketara hurbiltzea. Irakurketa errazak kultura, irakurketa eta informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen die pertsona horiei, edozein hiritarren eskubide gisa.

AGIFESeko taldeak asteazkenero biltzen dira Liburutegian, aukeratutako liburuaren irakurketa egiteko. Saioak, ahal den heinean, beste jarduera batzuekin osatzen dira, adibidez, liburuan oinarritutako pelikula-emanaldiekin.

Liburutegiak bere espazioa eskaintzen die eta taldearentzako liburuak lortzen ditu.

Talde horretaz aparte, irakurketa errazeko beste bi talderekin ere ari gara lanean: San Andres Egoitzakoa eta Egogain-ekoa, hain zuzen ere. Talde horiei irakurketa-kluberako behar dituzten liburuak ematen dizkiogu.