Ylenia Baglietto antzezle eibartarrak Ercilla Antzerki Saria irabazi du

Ylenia Baglietto antzezle eibartarrak Ercilla Antzerki Saria irabazi du

Argazkian, Ylenia Baglietto antzezle eibartarra.

2016/02/10

Aktore berri onenaren antzerkiko Ercilla Saria irabazi du eibartarrak, “La gaviota” lanean egindako paperari esker.

Ylenia Baglietto eibartarrak antzezle berri onenaren 2015eko Antzerkiko Ercilla Saria irabazi berri du, La gaviota antzezlanean egindako paperagatik.

Eibarko antzezle gaztea hiriko eszenatokietan lanean ikusteko aukera bi izango dira aurten: hastear dauden Antzerki Jardunaldietan, martxoaren 5ean, 20:30ean, Hezkuntza Esparruan taularatuko den “Chihuahua Cabaret” antzezlanean parte hartzen eta irailaren 23an, Gluglu taldearekin Caperucita Feroz” antzezten, Coliseo Antzokian.

Saritu dituzten beste antzezleak

Antzezle eibartarrarekin batera 2015eko Ercilla antzerki sarietan Aitana Sanchez Gijon (“Medea” lanarengatik) eta Adrian Lastra (“El discurso del rey” lanarengatik) saritu dituzte, aktore onenen atalean. Halaber, Hector Alterio aktoreak ibilbide artistiko onenaren sari berezia jasoko du. Bigarren mailako aktore onenaren saria, berriz, Consuelo Trujillok jasoko du, “Medea” lanarengatik.

Bestalde, sormen lan dramatiko onenarentzako goraipamena, Patxo Telleriaren “Pankreas” lanarentzat izan da, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioan. Azken lan hori Eibarko Antzerki Jardunaldietan taularatuko dute. Denboraldiko antzezkizun onena “El grito en el cielo” izan da. Antzerki eremuko lanik onenaren saria Pabellon 6 kultur espazioari eman zaio eta euskal ekoizpenik onenari saria “Amour” lanarentzat izan da, Arriaga Antzokiaren eta Tartearen Teatroa konpainiaren antzezlanarentzat, alegia.