Untzaga plazak Liburu Azokaren edizio berria hartuko du urriaren 12tik 22ra bitartean

2017/10/11

Helburu nagusia da irakurketa sustatzea. Hamabost salmenta-postu ipiniko dira, gutxi gorabehera. Bertan, azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Liburu Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era asteburuetan.

Eibarko Untzaga plazak Liburu Azokaren edizio berria hartuko du urriaren 12tik 22ra bitartean. Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta ordu erdi gehiago luzatuko da asteburuetan, hau da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Hamabost salmenta-postu inguru ipiniko dira aurten eta azken argitalpenak eskainiko dira, euskaraz eta gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Helburua da irakurketa sustatzea herritarren artean. Gainera, euskal poesiari buruzko erakusketa bisitatzeko aukera izango da.

Ohikoa denez, erosleek % 10eko deskontuarekin eskuratu ahal izango dituzte liburuak. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako liburuen produkzioa 3.200 ale ingurukoa izan da (ele bietan), 2.200 inguru euskaraz soilik egindako liburuak (Euskal Herrian eta estatu mailan) eta estatuan, berriz, 82.000, gutxi gorabehera.

Elkar, Erein eta Txalaparta dira, besteak beste, aurtengo azokan argitaletxeak, baita liburu-dendak eta udalaren stand-a ere.

Bestalde, aurreko urteetan bezala, liburu sinaketak egongo dira hainbat idazlerekin.

Azokan ikusi ahal izango ditugun liburu batzuk ondorengoak dira: Almudena Grandesen “Los pacientes del Doctor García”, Javier Maríasen “Berta Isla”, Carlos Ruiz Zafonen “El príncipe de la niebla”, Paul Austerren “4321”, Ken Folleten “Una columna de fuego”, beste askoren artean, eta urtero irakurleek aukeratzen dituzten idazleenak, Toti Martinez de Lezea, Dolores Redondo edota Jon Arretxe, esaterako.

Ohiko euskal idazleen liburuez gain (Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionaindia, Urretabizkaia, Landa, Meabe, Lertxundi, Uribe, Cano...) azken momentuko lanak ere izango dira ikusgai: Kattalin Miner, Jokin Andueza, edota Jon Ariza de Miguel, besteak beste.

Haurren eta gazteen literaturak ere bere lekua izango du edizio berrian; Pirritx eta Porrotx, 'Nur eta bere abenturak' lanak, besteak beste, egongo dira salgai.