Liburutegiak ezagutzera eman du Jose Antonio Artamendi Muguerzaren legatuaren lehenengo katalogo bat

Liburutegiak ezagutzera eman du Jose Antonio Artamendi Muguerzaren legatuaren lehenengo katalogo bat

José Luis López Aranguren (ezkerrean) eta José Antonio Artamendi Muguerza

2016/05/20

2014ko uztailean Juan San Martin Udal Liburutegiak Jose Antonio Artamendi Muguerzak legatuan utzitako funtsa bibliografikoa jaso zuen. Orain bukatu da funtsa horren katalogatze eta sailkatze lan teknikoaren 1. fasea.

Jose Antonio Artamendi Muguerza jaunak —2014ko otsailaren 23an hil zen— notarioaren aurrean egin zuen testamentua, eta bertan hainbat legatu agindu zituen; haien artean Eibarko Udal Liburutegiari bere etxean zuen liburu- eta dokumentu-funtsa.

Artamendi 1933an Eibarren jaiotako filosofo gipuzkoarra Merleau-Ponty-ren dizipulu izan zen Collège de France-n eta baita Xavier Zubirirena ere. Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen eta apaiz ordenatu zuten 1958an. Bere lanen artean hauek aipatu ditzakeguTécnica y civilización (1973), Notas para un proyecto cultural vasco (1982), Jalones para una posible recuperación de una cultura vasca (1982) eta Hablando con Xabier Zubiri (2005).

Donostiako Seminarioan eta Deustoko Unibertsitatean irakaslea izan zen hainbat diziplinatan: Antropologia filosofikoa, Filosofiaren historia, Lengoaiaren filosofia eta Kultura- eta Gizarte-Antropologia; Filosofia eta Letra Fakultatean katedratikoa izan zen eta Donostiako kanpuseko dekanoa.

Berarena izandako funtsa bibliografikoan nabaritzen da jasotako eta landutako ezagutza guztia.  Hil honetan bukatu dugu lehen faseko lan teknikoa: 1.042 liburu katalogatu, sailkatu eta erregistratu dira Eibarko liburutegiko funtsaren atal bat izateko. Eta horien artean filosofia eta teologia arloak gustuko duten eibartarrentzat hainbat eta hainbat liburu daude aztertzeko eta irakurtzeko.

Zein motatako liburuak diren ideia bat egiteko, jarraian dagoen katalogoan kontsultatu ahal duzue. Espero dugu lanaren bigarren fase baterako pertsonala lortzea dohaintza osoaren funtsa bibliografikoa ezagutzera eman ahal izateko.

Gure esker onak Jose Antonio Artamendiren familiari jasotako legatuagatik.