Itsaspeko bihotzak areto literarioa

Itsaspeko bihotzak areto literarioa

Kartela

2016/03/04

Genero berdintasuna haur literaturaren bidez lantzeko erakusketa. Martxoaren 8tik 20ra egongo da ikusgai Portaleko Erakusketa Aretoan. Udal Liburutegiak eta Berdintasun sailak elkarlanean antolatutako ekintza.

Areto literario honetan, genero berdintasunaren gaia lantzen da euskarazko haur literaturaren bitartez. Hezkidetza ardatz duen ibilbide artistiko-pedagogiko bat diseinatu du Galtzagorri elkarteak horretarako.

Ibilbideak haur literatura bereziki, eta baita bestelako arte adierazpenak ere (ilustrazioa, jostungintza, artisautza, ikus-entzunezkoak…), barne hartzen ditu. Saioetarako, haur eta gazteentzat argitaraturiko produktuen artean, hezkidetzan ardazturiko parametro pedagogikoak dituzten lanak hautatu dituzte. Liburu jakin bat aitzakia harturik, hezkidetzarekin lotura zuzena duen gai bat jorratuko dute umeekin, arte diziplina ezberdinak erabiliz aretoaren txoko bakoitzean.

Erakusketaren helburu espezifikoak honako hauek dira:

  • Literatura hezkidetzailea ezagutaraztea ume zein helduei.
  • Arte eta estetika kontzeptuetan hezi, begirada artistikoa landuz.
  • Praktika pedagogiko hezkidetzailea aurrera eramatea.
  • Imajinario kolektiboan sexu-genero estereotipoak gainditzeko aukera ematea.

Norentzat:

Batez ere LHko 4. mailako haurrek bisita gidatuak egin ditzaten pentsatuta dago. Beraz, ikastetxeekin lotutako bisitak egingo dira bi aste horietan zehar. 

Familientzako saio bat ere egingo da martxoaren 8an. Horretan parte hartzeko Liburutegian eman behar da izena.

Baina erakusketa irekia egongo da Erakusketa Aretoaren ordutegian, helduek eta familiek ere bertako liburuak eta arte-lanak ikus ditzaten eta horien inguruan hausnar dezaten.