Ikasturte honetan gurasoak ere eskolara!

2016/12/13

150 guraso baino gehiago animatu dira euskara ikastera euren seme-alaben ikastetxeetan.

Ikasturte honetan Eibarko Udalak eta euskaltegi biek (AEK Euksaltegia eta Udal Euskaltegia) ikastetxeekin lankidetzan “Gurasoak ere eskolara” kanpaina egin dute urrian. Gurasoak ere eskolara egitasmoan gurasoei euskara ikasteko aukera eskaini zaie, euren seme-alaben ikastorduetan eta ikastetxean bertan.

Kanpaina horren ondorioz 150 guraso baino gehiagok eman dute izena eta guztira 8 talde osatu dira: Arrateko Andra Marin talde 1, Amañan 2 talde, Mogelen 2 talde, San Andresen talde 1 eta La Sallen 2 talde.

Astean 4 eskola ordu jasoko dituzte eta helburua euren seme-alaben euskalduntze prozesuan eurek ere euskara ikasita laguntzea da. 

Azpimarratzekoa da Eibarko gurasoek erakutsi duten interesa euskara ikasteko. Ikastaro hauen bitartez gurasoek euskara ikasteaz gain, euren seme-alaben aurrean hizkuntzari dagokionean izan beharreko jarrera egokiak ere landu nahi dira, baita gurasoentzat oso praktikoak izan daitezkeen beste gai batzuk ere, esaterako nola lagundu etxeko lanekin.

Esan beharra dago kanpaina honen jatorria Arrateko Andra Mari ikastetxean dagoela; izan ere, iaz bertan nahiko modu espontaneoan euskara ikasi nahi zuen guraso talde bat elkartu zen, eta ikastetxe horretan lanean zegoen andereño batek hartu zuen bolondres bere gain guraso horiei euskara irakasteko lana. Talde horren emaitzak maiatzean egindako Transmisio Mintegian ezagutu ziren eta ekimenaren arrakasta ikusita antolatu da aurtengo kanpaina.